Bi auzoren batura, ofizialki izendatuta

Imanol Beloki Unamuno 2020ko aza. 12a, 18:50

Zoruan margotuta dagoen partxis-jolasaren irudia ezaugarri berezi gisa, Partxis plaza izenez izendatzen dute herritarrek Intxaurtxueta eta San Pedro auzoen arteko parkea. Hala, ofizialki erabiltzeko, plaka ezarri zuen Eskoriatzako Udalak irailean.

Haurren jolas-parke berezia dago Eskoriatzan, Manuel Muñoz kiroldegiaren aurrean, hain zuzen ere. Bertan dauden txirrista eta bestelako jolas guneez gain, plaza horrek duen berezitasun nagusia zoruan margotuta duen partxis-jolasaren irudia da. San Pedro eta Intxaurtxueta auzoen arteko zoruan dago hamar metro karratuko irudia, eskoriatzarren artean Partxis Plaza izenez ezaguna dena.

San Pedro eta Intxaurtxueta auzoen arteko batasunaren ikurra da lau koloretako irudia, eta Nerea Zugasti bertako bizilagunak partxisaren sorreraren bueltan honako hau adierazi gura izan du: "San Pedro auzoaren alboan, Intxaurtxueta futbol zelaia zegoen, eta izen bereko urbanizazioa eraikitzen hasi zirenean, bien artean plaza txiki bat geratu zen, hutsik. Hala, 1998an, bi auzoetako –San Pedro eta Intxaurtxueta– bizilagunen ideiatik sortu zen partxisa margotzeko asmoa, eta hala egin zuten. Hala, bi auzoak lotu zituzten, baina, margoaren kalitatea ez zenez kalitate onekoa, eguraldi txarrarekin ezabatzen joan zen. Hortaz, Udalarekin hitz eginda, pintura iraunkorragoarekin margotu zuten".

Auzotarrek Udalari eskatuta, plaka jarri zuten irailaren 11n, ofizialki, Partxis plaza izena izan dezan. Horrela baita ezaguna eskoriatzarren artean. Inaugurazio ofizialik egin ez egin arren, hiru plaka ezarri zituzten han: parkeari izena ematen diona, Sevillako Triana auzotik ekarritako partxis-jolasa eta bi auzoen batura adierazten duen Udalaren honako idatzia ere bai:

Jaiak bueltatzeko zain

San Pedroko eta Intxaurtxuetako jaiak ezin izan dira ospatu aurten, irailean. Zenbait urtez egin barik egon dira herrian San Pedro txiki moduan ezagutzen diren jaiak, baina iaz berreskuratu eta arrakastatsuak izan ostean, aurten soilik plazaren plaka jarri dute. "Auzotarren artean datorren urteko jaietan Partxis plazaren izendapen ofiziala dela-eta inaugurazio bat egitea nahiko genuke, eta partxis erraldoian jolastea ere gurako genuke, aspaldi auzotarrek jolasten zuten modura. Izan ere, ondo legoke berriro jolas horiek berreskuratzea…", adierazi du Nerea Zugastik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak