'Amaren Intxaurrak' ikuskizun berriarekin etorriko dira Katxiporretakoak Eskoriatzara

Imanol Beloki Unamuno 2020ko urr. 28a, 15:55

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Amaren Intxaurrak ikuskizun berriaren estreinaldia azaroaren 21ean egingo da, 17:30ean. Segurtasun neurri zorrotzak ezarriko ditu Eskoriatzako Udalak, Munuel Muñoz kantxan segurtasuna bermatzeko, eta sarrerak datorren astean jarriko dituzte salgai kultura etxean, goizetan, egunero, 09:00etatik 13:00etara bitartean, eta arratsaldetan, martitzen eta eguenetan, 17:00etatik 19:00etara bitartean.

Eskoriatzako Udalak adierazi du baldintzak zorrotz ezarrita egin daitekeela ikuskizuna eta lehentasuna eman zaiola ekintza egiteari. "Zaila da dauden arauen barruan ekintzak egitea edo ez egitea erabakitzea. Hala, baldintzak zorrotz ezarrita posible dela ikuskizuna egitea pentsatzen dugu", adierazi du Mari Karmen Arrietak, Euskara teknikariak.

Kultura seguruaren alde

1.200 lagun inguru sartu izan dira beste urte batzuetan egindako ikuskizunetan, baina ikusleen arteko distantziak ondo mantentzeko 300-350 lagun inguru sartuko dituzte, edukiera %50 baino gehiago murriztuta: "Ate bakoitzak kolore bat izango du, eta datorrenak jakingo du ze koloretako atea dagokion. Sarrera erostean, norberak erabakiko du non gura duen jarri, eta sarreran bertan jarriko zaio atearen, ilararen eta eserlekuaren zenbakia".

Ikuskizun egunera begira, izan behar diren jarrerei dagokienez hainbat azpimarratu dituzte udal teknikariek: "Bakoitza bere aulkian egon beharko da eserita, maskara jantzita eduki beharko da une oro, 6 urtetik beherako haurrek izan ezik, eta ezingo da jan, ezta edan ere", adierazi du Arantza Unzuetak, Kultura teknikariak.

Sarrerak datorren astean

Sarrerak, datorren astean jarriko dituzte salgai kultura etxean, azaroaren 2tik 6ra bitartean. Egunero, goizetan,  –09:00etatik 13:00ak arte–, eta martitzen eta eguen arratsaldean, –17:00etatik 19:00ak arte–salduko dituzte. Honekin batera, gaineratu dute, eskoriatzarrez gain, Aretxabaleta eta Gatzagako biztanleek ere aukera izango dutela sarrerak erosi eta ikuskizunaz gozatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak