Jaurlaritzako Osasun Sailburuak gaur eguerdian egindako agerraldian, atzo 20:00ak arte Eskoriatzan bi kasu positibo egon direla jakinarazi du. Baina gaur goizeko azken datuen arabera, Joxerra Zubizarreta alkateak jakinarazi du, guztira, lau direla zenbatutako positiboak.
"Gaur goizeko azken datua da Eskoriatzan lau positibo daudela. Atzo 60tik gora PCR proba egin ziren eta horietako bakarrak eman du positibo. Gaur ere froga gehiago egingo dituzte, baina, printzipioz, esperantza handiarekin gaude; uste dugulako, atzo zabaldutako izuarentzako albiste ona dela 60 frogetatik bakarrak ematea positiboa. Zentzu horretan, badirudi, kutsatze-prozesu hori txikia izan dela".
Udaletik oharra kaleratu zuten atzo, herritarrei lasaitasun mezua helarazteko eta maskarak erabiltzearen ardura aintzat hartzeko eskatuz. Oposizioko EH Bilduk ere oharra plazaratu du; Udalari koordinazio mahai bat osatzea, eta herrian beharrezkoak diren neurri sanitarioak hartzeko eskatu dute.
Atzo zabaldutako izuaren eraginez hainbat gurasok ez zituzten haurrak udalekuetara eraman, eta hori ikusita antolatzaileek bertan behera utzi zituzten gaurko aktibitateak. Astelehenetik aurrera zer egingo duten, udalekuetan parte hartzen ari diren erabiltzaileei jakinaraziko diete zuzenean.
Tabernei dagokionez, Azkoaga Enea hotela eta Compostela taberna itxita daude, bertako bezero batek positibo eman ostean. O’ Dogherty taberna ere itxita azaldu da gaur, eta beste taberna batzuek ere neurriak hartu dituzte. Inkernuk, esaterako, 2. faseko neurriak ezarri ditu eta derrigorrezkoa izango da taberna barrura maskararekin sartzea.
Kalean herritar gehienak maskara jarrita aritu dira. Azken emaitzak ikusita eta Osakidetzarekin duten uneoroko elkarlana kontuan hartuta, arduraz jokatzeko mezua helarazi nahi izan du Joxerra Zubizarreta alkateak.