ALBISTEAK

Kezka eragin du Eskoriatzan bi positibo atzeman izanak azken orduetan

Imanol Beloki Unamuno 2020ko uzt. 9a, 14:44

Bezero batek positibo eman ostean, ateak ixtea erabaki du Eskoriatzako Hotela tabernak. Hala jabeei ere proba egin eta bietako batek positibo eman du. Horrekin batera, zuhurtziaz jokatze aldera, bilakaera zein den jakin arte, bihar, egubakoitza, udalekuetan dabiltzan neska-mutikoak etxean geratuko dira. Eskoriatzako Udala Osakidetzarekin harremanetan dago, eta jarraipena egiten ari direla adierazi dute.

Eskoriatzako herritar batek positibo eman ostean, zalaparta sortu da herrian. Hala ere, lasaitasun mezua helarazi gura izan dute udaletik: "Osakidetzatik atzo baieztatutako positibo bakarra dugula herrian dakigu oraingoz, soilik. Hala ere, lasaitasun mezua helarazi gura dugu, eta, eboluzioa ikusi. Serio hartu behar dugu guztiok eta herritarron ardura ezinbestekoa da. Osasun Sailak ematen digun argibideen arabera jokatuko dugu, baina, esan moduan, norberaren ardura da garrantzitsua; segurtasun neurriak mantentzea, eskuak garbitzea, maskarilla…", adierazi du Josu Ezkurdia udal ordezkariak.

Hotela taberna ixtea erabaki dute bertako jabeek: "Positibo eman duen herritarrarekin kontaktu zuzena izan dugu, eta, beraz, guri ere proba egin digute; niri eta bikotekideari. Gaur jakinarazi didate nik ere positibo eman dudala, eta nire bikotekidea emaitzaren zain dago. Orain arte desinfektazio eta segurtasun neurri guztiak hartu ditugun moduan, zuhurtziaz jokatzea erabaki dugu, eta, horregatik, taberna itxi egin dugu. Hamaika egunez izango dugu itxita. Hala ere, zuzeneko kontaktua izan duten herritarrak eta maskararik gabe egon diren pertsonak bakarrik arduratu behar dira…", adierazi du Hoteleko jabeak.

Bihar ez da udalekurik egongo

Herritarren artean sortutako kezkak udalekuen martxan ere eragina izan du. "Gaur, udalekuak egin dira, baina, guraso asko arduratuta zeudenez, haurrak etxera eramatea erabaki dute; beste batzuk etxera bidali ditugu geuk. Hala ere, zenbait haur geratu dira begiraleekin…", adierazi du Maider Etxaniz gazteria teknikariak. Bihar, egubakoitza, udalekuak bertan behera geratuko direla adierazi dute, prebentzio gisa.

Inkernu taberna bigarren fasera

Inkernu tabernan, bestalde, bigarren fasera bueltatzea erabaki dute. Hala, taberna barruan ezingo da kontsumitu, bakarrik kontsumizioa eskatu, eta terrazan jarrita hartu beharko da. Gainera, kontsumizioa eskatzerakoan bezeroak maskara jarrita eraman beharko duela adierazi dute Inkernu tabernakoek.

Compostela ere itxita

"Domekan hemen egon zen koronabirus proban positibo eman duen herritarra. Beraz, kontaktu zuzen moduan hartuta, taberna itxi eta etxera joango gara gaur, PCR proba egin arte…", adierazi du Usune Bengoa Compostelako jabeak. 

EH Bilduren mezua

Eskoriatzako EH Bildutik ere "prebentzioz" jokatzeko eskatu dute: "Bilakaera jakin arte gogoratu lasaitasunez eta arduraz jokatzea, neurri sanitarioak ondo gordetzea (maskara erabili kalean baita, distantziak gorde, eskuak maiz garbitu eta gure burua ondo babestu) eta Osakidetzaren protokoloak jarraitzea. Osakidetzako Aholku Sanitarioa: 900 20 30 50".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak