Larraitz Iparragirre: "Badirudi Maixolek ETA-ren amaierari ahotsa jarri eta mendeku gura bat dagoela"

Imanol Beloki Unamuno 2020ko uzt. 7a, 13:07

Maixol Iparragirre preso eskoriatzarra uztailaren 8an eta 9an epaituko dute. Hori horrela, pasa den egubakoitzean elkarretaratzea izan zen Donostiako Bulebarrean, eta eguazten eta eguen honetan, berriz, Eskoriatzan egingo dira mobilizazioak; 20:00etan, Fernando Eskoriatza plazan.

Pasa den egubakoitzean, Maixol Askatu ekimenak deituta, berrogeita hamar lagun elkartu ziren Donostiako Bulebarrean 12:00etan, Marixol Iparragirre eskoriatzarrak izango duen lehen epaiketaren berri eman eta haren askatasuna aldarrikatzeko. Ino Galparsoro Arrasateko alkate ohiak eta Olatz Albisu senideak irakurri zuten agiria, eta Konponbide garaia da. Maixol askatu! lelopean zubiak eraikitzeko garaia dela aldarrikatu zuten.

Hala, Maixol Iparragirre uztailaren 8 eta 9an epaituko dute lehen aldiz Auzitegi Nazionalean, 1995eko auzi batengatik.

Asteburuan, Maixol bisitatzen

Egubakoitzeko mobilizazioarekin batera, senideak, asteburuan izan dira Madrilen bisitan, eta, epaiketara begira, preso eskoriatzarra urduri dagoela adierazi du Larraitz Iparragirre, bere ahizpak: "Egubakoitzean, otsailean hasi genuen Maixol Askatu! kanpainarekin jarraitu genuen eta prentsaurrekoa egin genuen epaiketa data ezarri dutelako. Asteburuan, azkenean, lortu dugu bisitan joatea familiakook Soto del Realera. Isolatuta  dago, urduri, baina berarekin egon ostean, lasaiago gaude etxeook eta bera ere. Hala, indarrekin dago, eta gaude epaiketara begira".

Horrekin batera,  egubakoitzean, Donostian egindako agerraldian esan moduan, Larraitz Iparragirrek azpimarratu gura izan du bake garaia dela eta ez epaiketa garaia: "Aldarrikatu zen, alde batetik, badela bake garaia eta ez epaiketa garaia, eta badela ordua mendeku politika alde batera utzi, eta bake bidean jartzeko. Azken finean, 90. Hamarkadako egitate batez ari gara berbetan; frogarik ez dute, ahal duten guztia atera guran ari dira, eta hor ikusten da betiko inmobilitate horretan jarrita daudela; Euskal Herria beste bide bat hartuta dagoenean, eta gehiengoak argi eta garbi esaten duenean hau bukatu beharra dagoela".

Mendeku politika alde batera uzteko garaia

"Badirudi Maixolek ETA-ren amaierari ahotsa jarri eta mendeku gura bat dagoela. Bakean pauso galanta izan zen hori eta hala ere epaitu gura izatea. Hori salatu eta senide eta berari babesa emateko elkarretaratzea izan zen egubakoitzekoa".

Mobilizazioak Eskoriatzan

Egubakoitzeko elkarretaratzearen moduan, Maixol askatu ekimenak eta Sarek deituta, uztailaren 8an eta 9an mobilizazioak deitu dituzte Eskoriatzan. Bi egunetan, 20:00etan izango dira elkarretaratzeak, Fernando Eskoriatza plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak