Egitasmoarekin bat egiteko eta bonuak erabiltzeko, bi erabilera gida atera ditu Udalak. Batetik, establezimenduei zuzendutakoa; eta, bestetik, herritarrei zuzenduta dagoena. Bonu bakoitzak 30 euroko balioa du: 5 euro, 10 euro eta 15 euroko zatitan banatuta. Hala, 15 euroren truke, 30 euroko balioa duen bonua jasoko du herritarrak Udalaren partetik.
Hiru frakziotan banatuta
Eskoriatzan erroldatutako familia unitateko –etxebizitzako– bonu bat erosi ahal izango da, eta txartelaz erosi beharko dira, datafonoaren bitartez. Bonua erabiltzeko, berriz, honako hau da funtzionamendua: bonu bakoitza osatuta dago 5 euro, 10 euro eta 15 euroko balioko hiru frakzioz, frakzio bakoitza zatiezina da; erosketa bakoitzean, gutxienez horietako frakzio oso bat erabili beharko da, eta, bonua erabiltzeko, Nortasun Agiria aurkeztea ezinbestekoa izango da.
Bonuak soilik Eskoriatzako establezimenduetan gastatu ahalko dira, izan denda, edo izan zerbitzu bat, eta kanpainatik kanpo geratuko dira loteria eta bestelako joko establezimenduak, farmaziak, estankoak eta janari dendak; beraz, horietan ezingo da erabili bonurik.
Bonua gastatzeko epemuga 2020ko abuztuaren 31 izango da, eta epe barruan gastatzen ez den bonua balio barik geratuko da. Hau da, bonuak ezingo zaizkio itzuli Udalari, eta dirua ez da bueltatuko.
Bonuak erosteko
Bonuak Ibarraundi museoan erosi ahal izango dira, honako egun eta ordutegi honetan: astelehen eta egubakoitzetan, goizez, 11:00etatik 13:30era bitartean; eta eguaztenetan, berriz, soilik arratsaldez, 17:00etatik 19:30era bitartean. Zalantzak argitzeko, 943 71 54 53 telefono zenbakira deitu daiteke, Whatsappez 674 11 19 71 telefono zenbakira idatzi edo garapen@eskoriatza.eus edo ibarraundi@eskoriatza.eus helbideetara idatzi.