Eskoriatzako herritar talde bat maskarak egiten ari da etxetik, eta behar duenaren esku doan utziz. Gaur-gaurkoz, hamabost lagunek osatzen dute taldea, eta boluntarioki ari dira maskarak egiten. Horiek jasotzeko, Santa Ana auzoan dagoen Dorleta liburu-dendara joan behar da, eta bertan dagoen itxarote-zerrendan izena eman.
Kristina Cardenal da maskarak egiten ari den taldeko kideetako bat, eta ekimena nola sortu den adierazi du: "Marta Cantera eskoriatzarraren bitartez hasi zen egitasmoa. Eskoriatza Opina izeneko Facebook taldean mezua idatzi zuen proposamena eginaz, eta zenbait herritarrek egin genuen bat ideiarekin. Hala, Whatsapp taldea egin dugu, eta batzuk maskarak egiteaz arduratzen garen arren, beste batzuk materiala lortzeaz arduratzen dira; beste batzuk, aldiz, leku batetik bestera eramaten… Hala ere, esan behar dugu ez direla maskara homologatuak, eta horren berri ere ematen diegu maskarak jaso nahi dituztenei, informazio orri baten bidez…".
Interneteko bideoak ikusiz hasi dira taldeko partaideak maskarak egiten. Bertatik patroiak atera eta gero materiala lortuz. "Pollero dendako Arantxa Ruizek lekua utzi zigun bere etxeko atarian materiala uzteko. Enrique Mazmela dentistarenean, bestalde, Jasone eskoriatzarrak egiten du lan, eta bere bitartez maskarak egiteko filtroak lortu ditugu, horiek desinfektatu eta berrerabiltzeko. Hala, oihalak eta filtroak erabiliz ibili gara egiten, baina filtroak gastatu egin zaizkigu dagoeneko; orain, Compostela tabernako Usune Bengoak utzitako paperezko mantalekin ari gara egiten, hauek filtro modura erabiliz…".
Haurrentzako maskarak
Zaharren egoitzara hainbat maskara eraman dituzte, gertukoen artean ere banatu dituzte, baina herritar guztien artean zabaldu dute egitasmoa. "Guztira, 500 maskara inguru egingo genituen, eta joan den astetik haurrentzako egiten ari gara. Gure egitasmoaz gainera, Ibiltariak Camper Ekipamenduak-eko Jon Pagaldai pantailak ari da egiten 3D inprimagailuarekin bere kabuz, eta herriko zenbait komertziotan ari da hauek entregatzen".