Bakardadea islatzeko argazki sorta, Ibarraundin

Imanol Beloki Unamuno 2020ko ots. 28a, 18:00

Astelehenetik ikusgai dago Eskoriatza Lagunkoia taldeak antolatutako Bakardadeari begira izeneko erakusketa Ibarraundin. Bakardadea sufritzen dutenei elkartasuna adierazteko asmoz jarritako erakusketa, martxoaren 6ra arte egongo da ikusgai, eta horren berri ematen izan da Agurtzane Altube Eskoriatzako Udaleko Gizarte langilea.

Astelehenetik ikusgai dago Ibarraundi museoan Eskoriatza Lagunkoia taldeak, Eskoriatzako Udalarekin batera, antolatuta, eta MatiaZaleak elkarteak sortutako Bakardadeari begira izeneko erakusketa. Zenbait argazki jarri dituzte ikusgai paneletan; bakardadea islatzeko, eta herritarrak kontzientziatzeko helburuarekin.

Iazko abenduaren 8tik urtarrilaren 6ra bitartean bakardadearen aurkako kanpaina jarri zuen martxan Eskoriatza Lagunkoia taldeak. Bakardadea sufritzen dutenei zuzendutako mezu zuzenak edo bakardadearen bueltan hausnarketa egin nahi zuenak idazteko eta horiek uzteko postontzi batzuk jarri zituzten herritarren eskura egun horietan. Horren ondoren, herriko ikastetxeei bideratu zizkieten mezuak idazteko hainbat postal, gaia lantzeko. Esperientzia interesgarria izan dela aipatu dute Eskoriatza Lagunkoia taldeko kideek.

Oraingoan, berriz, erakusketa jarri gura izan dute bakardadea sufritzen dute horiei elkartasuna adierazteko, eta herritarrak kontzientziatzeko. Erakusketa horren bitartez hausnarketa egin nahi da gizartean zoritxarrez hain zabalduta dagoen gai bati buruz. Hala, aste honetan goizez, soilik, izan da zabalik erakusketa, baina, martxoaren 2tik 6ra bitartean, datorren astelehenetik egubakoitzera, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara bitartean izango ditu ateak irekita.

Bakardadea argazkitan

Ibarraundi museoko erakusketa hamabost panelek osatzen dute, eta bertan hamalau argazki agertzen dira. Argazki bakoitzak deskribapen bat du idatzita, eta lan batzuk abstraktuak diren arren, beste batzuk egunerokotasunean ikus daitezken ohiko egoerak dira. Pertsonak bakarrik ez, objektuak erabiliz ere, bakardadea ondo baino hobeto isla daitekeela ikus daiteke zenbait argazkitan. Gai horren bueltan gogoeta egiteko espazio bat eskaintzea ere bada helburua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak