Etapa berriaren gaineko azalpenak ematera

Imanol Beloki Unamuno 2020ko urt. 27a, 09:40

Gure Esku egitasmoak etapa berriari ekingo dio. Hori horrela, Irati Elizalde Gure Esku Gipuzkoako arduraduna kultura etxean izango da urtarrilaren 28an, 19:00etan, bertaratzen diren eskoriatzarrei zenbait argibide ematen.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko Gure Esku herri mugimenduak orain arte egindakoen hausnarketa egin du, eta jauzi bat egiteko garaia dela adierazi dute arduradunek. Hala, Euskal Herriko lurraldeetan etorkizun politikoa erreferendum bidez erabakitzea helburu izanik, egin gura diren ekintzen berri ematen izango da Irati Elizalde Gipuzkoako Gure Esku ekimeneko arduraduna urtarrilaren 28an, 19:00etan, kultura etxean, GED Eskoriatza taldeak antolatuta.

Sinadura bilketa masiboa

Erreferendumaren aldeko herri ekimena ate joka izenburupean, mota guztietako eragileen eta herritarren arteko lanketa izango duela oinarri adieraziko du hitzaldian Irati Elizaldek: "Azken hilabeteetan, orain arte egindako lan guztiaren hausnarketa prozesuan, jauzi bat egiteko garaia iritsi dela konturatu da. Erabakitzeko eskubidearen gaia ahaldundu da, erakunde publikoetan eragiten jakin dugu, eta estatus politiko berriari buruzko eztabaidan ere eragin bat izan dugu… Hori horrela, jauzi hori erreferendum bidez erabakitzea posible egitea izango da hurrengo pausoa".

'11 gara' lelopean

Orain arte herritarren arteko elkarlanean oinarrituta lan eginda, eragileekin egiten den elkarlanean sakondu gura dute: "Hori izango da etapa berri honetan sustatzen ari garen ardatza. 11 gara izenburupean, erreferendumaren edo herritarren burujabetzaren alde asko eta askotarikoak garela erakutsi nahi dugu".

Euskal Herrian inoiz egin den sinadura bilketarik handiena ere egitea badela asmoa gaineratu du Elizaldek. "Maiatzaren 3tik ekainaren 7ra bitartean, zenbait mobilizazio egin gura ditugu: Euskal Herri osoan ekintzak antolatzea eta, aldi berean, sinadura bilketa masibo bat. Ideia da manifestu bat ardatz hartuta sinadurak biltzea, eta eskakizun zehatzak egingo dizkiegu Eusko Legebiltzarrari, Nafarroako Parlamentuari eta Euskal Hirigune Elkargoari erreferenduma garatu dezaten…".

Herritarrei gonbidapena

Hainbat helbururekin antolatu du GED Eskoriatzak martitzeneko hitzaldia: batetik, egitasmoak eman nahi dituen hurrengo pausoak herritarren artean zabaltzeko, eta, bestetik, Eskoriatzan egin nahi diren ekintzak antolatzeko prest daudenak agertu daitezen eta herrian dinamikarekin jarraitzeko lantaldea berritzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak