Aitor Esteban (EAJ): "Madrilgo egoera oso konplikatua izanda ere, aukera berriak sortu daitezke"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko abe. 13a, 12:42

Eskoriatzako EAJk hitzaldia antolatu zuen atzo Espainiako kongresuko diputatu Aitor Estebanekin, Joseba Agirretxearekin eta Iñigo Barandiaranekin. Espainian bizi den egoera politikoa izan zuten hizpide; jeltzaleek uste dute Pedro Sanchez laster izango dela presidente baina zalantzak dituzte lortuko den gehiengoa sendoa izango den edo ez. 

Espainian bizi den egoera politikoa izan zuten hizpide. Kongresuan jeltzaleen bozeramaile den Aitor Estebanek ez du uste hirugarrenez hauteskundeak deituko direnik baina zalantzak ditu Pedro Sanchezek lortu ahal duen gehiengoa benetan sendoa izango den edo. Hori bai, Estebanek gaur-gaurkoz uste du Espainiak ez duela Gabonetarako presidenterik izango.

Estebanek aditzera zuen atzo PSOErekin harremanak hoztu egin direla azken egunotan. "Azken astebetean ez dugu erantzunik jaso euren partetik. Ulertzen dugu Esquerrarekin zirt edo zart egiteko erabakiren bat hartzekotan ari direla [...]. Euren konpromisoaren arabera jokatuko dugu eta egingo dugu gure lana; konpromiso sendorik ez badago astero ikusi beharko dugu ze jarrera izan, eta lege bakoitza eztabaidatu egin beharko dugu".

Esteban: "Aukera berriak sortu daitezke"

Madrilgo egoera politikoa inoizko polarizatuena dela aintzat hartuta eta zailtasun handiko egoera dela onartu arren, Estebanek badu itxaropena etorkizunera begira: "Aukera berriak sortu daitezke, hori pentsatu behar dugu. Erronka bat da eta denok erantzukizunez jokatu beharko genuke; interes ezberdin asko jarri behar dira mahai beraren bueltan. Lehentasunak markatu beharko ditugu".

Hirugarren hauteskunderik ez

Agirretxea ere bat dator Madrilgo egoera politikoa oso zaila dela esaterakoan, baina hauteskunde berririk ez dute inondik inora espero: "Gure baldintzak eta beharrak aurkeztuko dizkiogu Sanchezi. Hirugarren hauteskunde batzuek ikaragarrizko dezepzioa suposatuko lukete jendearentzat; onartu ezin daitekeen porrot politikoa litzateke".

Euskal Herrira etorrita, autogobernuaren ponentziak ondorio moduan utzi dituen hiru testuen gaineko balorazio egiteke, adostasun handiagoa lor daitekeela uste du Agirretxeak.

Eskoriatzako militante jeltzaleez gain bailara osotik etorritako militanteak izan ziren atzo batzokian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak