Pintxo onena aukeratzeko lehiaketa asteburuan

Imanol Beloki Unamuno 2019ko aza. 28a, 11:28

Eskoriatzako IV. Pintxo Lehiaketa  egubakoitzean hasiko da, eta, domekara arte, herriko bost tabernatako pintxoak probatzeko aukera izango da. Naira, Toki-Alai, Urrestilla, Akeita eta Compostela tabernak dira lehiaketan parte hartuko dutenak.

Eskoriatzako IV. Pintxo Lehiaketa asteburu honetan izango da. Egubakoitzean hasi, eta domekan jakingo da zein den edizio honetan aurkeztu diren bost tabernetako pintxorik gustukoena. Aurten, baina, ez dira pintxoak egiten izango domekan Fernando Eskoriatza plazan. Izan ere, pertsonal aldetik ez dela bideragarria argudiatu dute tabernek. Hala, aurtengo irabazleari saria tabernan bertan emango diote, 15:00 aldera, sari-banaketa ekitaldi barik.

Sei taberna ziren parte hartzekoak, baina, antolatzaileek adierazi dutenez, Mirentxu tabernak ez du parte hartuko. Beraz, Naira, Toki Alai, Urrestilla, Akeita eta Compostela tabernak izango dira parte hartuko dutenak. Parte-hartzaile bakoitzak pintxo bakarra aurkeztu dezake, eta ordutegi hauetan probatu ahal izango dituzte herritarrek egunotarako egindako pintxo bereziak: 12:00etatik 14:30era eta 18:30etik 21:00etara, hain zuzen –egubakoitzean, soilik arratsaldean–.

Eneritz Zubiak, Eskoriatzako Udaleko Garapen Ekonomiko eta Turismo teknikariak, herritarrak animatu gura izan ditu Pintxo Lehiaketan parte hartzera: "Edizio honetan zenbait aldaketa egin ditugu, eta ea onerako diren. Aurreko urteetan plazan egin izan dugun ekitaldiak xarma zuen, baina formatu berri honek ere funtzionatuko duelakoan gaude. Hala, ea arrakasta izaten dugun, parte hartzea handia izaten den eta urtero-urtero egiten jarraitzen dugun…".

Pintxo landu eta bereziak

Akeita tabernak Bakailpop gure koloretan izeneko pintxoa egingo du, eta honako osagai hauek izango ditu: bakailaoa, olibaolioa, pikillo piperrak, arrautza, tipulina eta tramezzini ogia. Compostela tabernak, berriz, Udazkeneko zaporeak izeneko pintxoa egingo du. Osagaiak honako hauek izango ditu: txerri-azpizuna, ahate-foie freskoa, onddoak, boilur zuria, CocaCola, ardoa, gatz ezkatak, albaka, ezkaia eta basafruituak. Naira tabernak Txipicake izeneko pintxoa egingo du, hostorea, txipiroiak, tipula, porrua, piper berdea eta aliolia erabilita. Toki-Alai tabernak, aldiz, Mendia eta ehiza izeneko pintxoa egingo du, honako osagai hauek erabilita: eperra, foiea, onddoak, koka-ogia eta tipula. Eta Urrestilla tabernak Booonba pintxoa egingo du, honako osagai hauekin: arroz-odolkia, etxeko tomate frijitua, Errioxako alegriak, irina, arrautzak eta ogi birrindua.

Eskoriatzako produktuak erabili beharko dituzte pintxo hauek egiteko. Herrian bertan erositako hiru produktu, gutxienez, erabiltzea derrigorrezkoa izango da, eta, gainera, produktuen jatorria publiko egingo da. Pintxo bakoitzak 1,80 euroko prezioa izango du.

Pintxo onena aukeratzeko

50 euroko bi sari zozketatuko dira bozketan parte hartzen duten guztien artean. Sari bat, parte hartu duten tabernetan gastatzeko; eta bestea, Eskoriatzako edozein dendatan gastatzeko izango dena. Zozketa honetan parte hartzeko ez da derrigorrezkoa izango pintxo guztiak probatzea. Hala ere, pintxo onenaren lehiaketarako botoa puntuagarria izateko, berriz, pintxo guztiak dastatu beharko dira.

Aurten, bi sari nagusi

Tabernentzako bi sari izango dira aurten: alde batetik, epaimahaiaren saria, 200 euro eta trofeoa; eta, bestetik, herritarren saria, 100 euro. Botoak emateko, tabernetan triptikoak izango dira, pintxo bakoitzaren izen eta osagaiekin, eta abenduaren 1ean 14:30ean amaituko da bozkatzeko aukera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak