Agintaldi batetik bestera, zazpi elizateetako eta Lete auzoko ordezkariak izendatzen dira, eta honako hauek izan dira datozen lau urteei begira aukeratutakoak: Apotzagan Jesus San Vicente, Bolibarren Aitor Alarcia, Gellaon Iñigo Altuna, Marinen Irantzu Azkona, Mazmelan Iñaki Zurutuza, Zarimutzen Maria Jesus Fernandez de Arroiabe, Mendiolan Igor Etxabe eta Leten Oier Eskibel.
Auzo-alkateen ardurak zeintzuk diren adierazi du Iñaki Kerexeta Eskoriatzako Elizateen Elkarteko bozeramaileak. "Auzo bakoitzean dauden beharrak aztertzen dituzte, eta udaletxera ekarri hilero egiten dugun bilerara. Bertan, garrantzitsuenak lehenesten ditugu, eta dirulaguntzak nondik jaso ditzakegun aztertzen dugu…".
Mendiolako merenderoa hizpide
Auzo-alkateak izendatuta, lanean hasteko gertu, Mendiolako merendero ohian egin beharreko jarduera interes sozialeko eta onura publikokotzat jotzeko proposamena onartu zuten.
Auzo-bizitza sostengatzeko toki kulturala egingo dute orain arte merenderoa izan den eraikinean, eta udal ordezkariek zoriondu egin zituzten Mendiolako auzotarrak, egin duten apustuagatik. "Auzotarrek elkar batzeko leku aproposa dela ikusi dute orain arte merenderoa izan dena. Bidea luzea izan da, eta gaur, pauso garrantzitsua eman da; hala, orain, proiektua aurrera eramatea geratuko litzateke…".