Maila Nazionalari aurre egiteko gogoz

Imanol Beloki Unamuno 2019ko uzt. 24a, 16:20

Eskoriatza areto futbol taldeak Maila Nazionalean jokatuko du datorren denboraldian. Abuztuaren amaieran hasiko dituzte entrenamenduak, eta, lagun arteko hainbat partidu jokatu ostean, ligari irailaren amaieran ekingo diote.

Eskoriatza areto futbol taldea Euskal Ligan aritu da azken 14 urteetan, eta, denboraldi bikaina egin ostean, Maila Nazionalera salto egitea lortu dute Iker Molinaren mutilek. Talde sendoa eraikitzea lortu dute azken urteetan, eta zaleen animoak ere bikainak izan dira; izan ere, Manuel Muñozeko harmailak beteta izan dira ia etxeko partidu guztietan. Hori horrela, abuztuko azken egunetan hasiko dira prestaketa lanetan, eta irailaren amaieran hasiko dute denboraldi berria.

Apirilean amaitu zuen liga Eskoriatza areto futbol taldeak, eta igoera lortu zutenean ederto asko ospatu zuten, eta, urte osoko lanaren osten, deskantsua ere ezinbestekoa da. Hala ere, gogotsu dago taldea erronka berriari aurre egiteko. Hauxe adierazi du Jabi Corbal Eskoriatza kirol elkarteko presidenteak: "Abuztuaren 26an hasiko ditugu entrenamenduak, eta astean hiru entrenamendurekin hasiko gara. Asmoa ere badugu ordu gehiago entrenatzeko; hori horrela, kantxan ordu gehiago izateko eskaera egingo dugu, baina zaila dago… Denboraldi berrirako helburua, berriz, maila mantentzea izango da".

Taldean aldaketa barik

Eskoriatza areto futbol taldea duela 14 urte izan zen Maila Nazionalean, eta berriz bueltatu da. Hala, igoera lortu duten taldekideak mantenduko dituztela adierazi du Jabi Corbalek: "Printzipioz, ez dugu fitxaketarik egiteko asmorik. Gaur egun dauden jokalariek lortu dute mailaz igotzea; beraz, horiek dira jokatzea merezi dutenak. Hala ere, bigarren taldeko bi edo hiru jokalari lehen taldera igo nahi ditugu, baina ez da aldaketa nabarmenik izango".

Helburua, mailari eustea

Eskoriatzaren helburuak dira ahalik eta ondoen aritzea, jokalariek zein entrenatzaileek ikastea eta, ahal bada, mailari eustea. Lehen taldea sailkapenean 4, 5 eta 6. postu inguruetan aritu da azken urteetan, igotzea lortu dute, eta hori beste mailetako jokalariei indarra emateko ere baliagarria dela adierazi du Eskoriatza kirol elkarteko presidenteak. "Gazteagoek erreferente dituzte lehen taldekoak, eta, beraien lorpena ikusita, ilusioa pizten zaie hauei ere…".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak