Iosu Urzelai: "Fisikoki prestatuta egotea ezinbestekoa da"

Imanol Beloki Unamuno 2019ko uzt. 26a, 08:19

Eskoriatzako Iosu, Asier eta Haritz Urzelai anaiek Gasteizen jokatutako Survivor Race lasterketan hartu zuten parte uztailaren 6an. Anai zaharrenak, Iosuk, beste biak animatuta. Kirol honetan, oztopoz jositako ibilbidea egin behar izaten dute parte-hartzaileek, eta lehenengoz hartu zuten parte hiru eskoriatzar gazteek.

Lasterketan, guztira, 1.300 pertsonak hartu zuten parte, maila ezberdinetan banatuta. Eskoriatzarrek 20 oztopo zituen sei kilometroko bidea egin zuten.

Zer da Survivor Race?

Oztopo lasterketa bat da. Entrenamendu militarretan egiten dituzten bezalakoa. Survivor Race halako lasterketak egitera dedikatzen den enpresa bat da, baina beste hainbat ere badaude; Spartan Race delakoa da halakoetan ezagunena. Taldeka edo banaka egin daiteke lasterketa, eta, fisikoki prestatuta egotea exijitzen duen arren, festa giroa izaten da bertan nagusi.

Nolatan animatu zineten halako lasterketa batean parte hartzera?

Eskoriatzan San Pedro auzoko goiko parkean ariketa fisikoa egiteko gunea jarri zuten, Survivor Race moduko lasterketa bat egin nahi duenarentzat prestatzeko egokia den makineria duena. Hirurok aritzen gara bertan entrenatzen, eta hortik abiatuta otu zitzaigun lasterketan izen ematearen ideia. El conquistador del fin del mundo programa ere oso gustuko dugu: erronkak, sufritzea… eta hirurok, gainera, kirolariak izanda, taldean izena ematea pentsatu genuen.

Nolako probak gainditu behar izan zenituzten?

Eraztun batetik bestera, altueran, leku batetik bestera pasatzea, soka igotzea eta jaistea, edukiontzi handi batzuk igo eta lokatzetara jauzi egitea, arantzadun alanbre azpitik pasatzea, gurpil pisutsuak mugitzea… Horiek ez badituzu pasatzen, proba bat egin beharra daukazu –30 burpee, esaterako–. Gure kasuan, hiru partaide ginen. Hiruretako batek ez bazuen oztopoa gainditzen, proba bat egin behar zuen, eta berak bakarrik edo guk lagunduta egin behar zuen. Hautazkoa da hori. Askotan, oztopoak baino gogorragoak izaten ziren probak.

Haritz Urzelai Survivor Race proban oztopo bat gainditzen.

Ekitaldirako ondo prestatuta egotea komeni, hainbeste oztopo jarrita, ezta?

Anoa-postuak oso ondo zeuden, jateko eta edateko askorekin, eta animazioa ezin hobea zen. Beroketa lanak egiterakoan, esaterako, musika jartzen zuten, eta baita partaideak urez busti ere, parte hartzeko prest zeudenen urduritasunak kentzeko aproposa izan zena. Horrekin batera, lokatzak ere protagonismo handia dauka halako lasterketetan. Zikindu barik ezin da bukatu.

Asier Urzelai Survivor Race proban.

Halakoak ez dira ohikoak gurean, ezta?

AEBetan geroz eta gehiago ari dira egiten, eta Espainian ere indarra hartzen ari da. Crossfitak indarra hartu zuenetik, halako txapelketetan izen-emateek ere gora egin dute. Bertan egiten diren ariketa antzekoak egiten baitira halako txapelketetan eta. Guk lehen aldiz egin genuen, eta bailarako gutxi batzuk ikusi genituen bertan: Aretxabaletakoak, Arrasatekoak eta baita Oñatikoak ere, baina bakar batzuk soilik.

Emaitza ona lortu zenuten?

Disfrutatzera bakarrik joan ginen, zer zen ikustera, eta asko gustatu zitzaigun. Errepikatuko dugu, seguru. Horrekin batera, txandaka irteten ginen, eta, gure multzoan 100 pertsona inguru baziren, 20. postuan geratu ginen, gutxi gorabehera. Sei kilometro egin genituenen arteko sailkapen orokorrean, berriz, 800 partaide baziren, 120. postua-edo lortu genuen.

Haritz, Iosu eta Asier Urzelai anaiak lasterketa amaitu ostean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak