Sei batzorde eratu dituzte agintaldirako

Imanol Beloki Unamuno 2019ko eka. 27a, 13:25

Eskoriatzako udalbatza berriaren lehenengo osoko bilkura egin zuten eguaztenean; batzordeen eraketa, alkatearen soldata eta Arlaban mendateko errepidea konpontzeko Foru Aldundiari bideratzeko eskaera izan zuten hizpide, besteak beste.

Eguaztenean egin zuen Eskoriatzako udalbatza berriak lehenengo osoko bilkura, eta hemendik aurrerakoak zenbatean behin egin behar diren eta zein egunetan adostu zuten lehenbizi. EAJren proposamena hileko laugarren martitzenean 18:00etan izatea izan zen, eta, EH Bilduk beranduago jartzeko eskatu bazuen ere, familiaren kontziliazioa dela-eta, planteamenduari eutsi zion EAJk.

Bost batzorde izatetik, sei osatzera

Batzorde informatiboak eratu zituzten, gero, eta pasa den agintalditik hona aldaketak egingo dituzte. Bost batzorde izatetik, sei izatera pasako dira: Garapen Ekonomiko Jasangarrian, Antonio Regaño; Kultura eta Kirolean, Puri Regidor; Gizarte Zerbitzuetan, Maite Uribe; Hirigintza, Mugikortasun eta Ingurumenean, Josu Ezkurdia; eta Euskara, Gazteria eta Hezkuntzan eta Pertsonal eta Ogasunekoan, Joserra Zubizarreta izango dira batzordeburuak.

Horren aurrean, EH Bilduko ordezkariak lanerako prest agertu ziren, eta proposamen gehigarria aurkeztu zuten azpibatzordeak eratzeko. EAJk funtzionatzeko era horrekin hasi nahi duela adierazi zuen aurreko agintaldiko esperientzia kontuan hartuta, baina funtzionatzeko beste era batzuetara irekita daudela adierazi zuten.

Alkatearen soldata igoera

Alkatearen soldata ere izan zuten hizpide. 59.188,22 euro –brutoa– kobratuko dituela adierazi zuten osoko bilkura aretoan. "Duela lau urte Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarri zuen ordena forala jarraituz, herriaren tamainaren biztanle kopuruaren arabera, soldata gutxiengoa eta gehiengoa dago, eta guk gehiengora jotzea erabaki dugu", adierazi zuen Josu Ezkurdiak. Honen aurrean, EH Bilduko Ander Errarte zinegotziak alkatearen soldataren igoerarekin desadostasuna agertu zuen. "Legalitatearen barruan dagoen arren, ez zaigu etikoa iruditzen soldata igoera hori, gaur egun, gure inguruko bizilagunek dituzten prekarietate, langabezia eta desbabes egoerak kontuan hartzen baditugu".

Eskoriatzako alkatearen 2018ko soldata, 56.482,77 eurokoa zen, eta 2019an izango duena, 59.188,22 eurokoa izango da, brutoa. Hala, eguazteneko osoko bilkuran, alderdi jeltzaleeak eta Eskoriatzako Elizateen Elkarteak onartu egin zuten, eta EH Bilduk ezezko botoa eman zuen.

Arlabango errepidea hizpide

EH Bilduk GI 627 errepidea Arlaban mendatearen tartean konpontzeko Foru Aldundiari bideratzeko eskaera egin zuen mozio bidez, errepidearen egoera desegokiaren ondorioz hainbat istripu izan direla adieraziz. Hala adierazi zuen Eluska Irazu zerrendaburuak: "Errepidearen egoera desegokiaren ondorioz, hainbat istripu suertatu dira, batez ere, txirrindularien artean. Azkenak, ekainaren 13an eta 16an, biak zein biak nahiko larriak…

EAJko ordezkariek honen aurrean adierazi zuten, oraindik batzordeak eratu barik egonda, mozio bat aurkeztea harriduraz jaso dutela, eta aurretik ez badago hitz eginda, edo adostu barik ez dutela onartuko. Mozioak ez zuen aurrera egin, baina, gaia lehenengo batzorde bileran landuko dutela adierazi zuten. Mozioa ez zen onartua izan EAJren ezezko botoekin, Eskoriatzako Elizateen Elkartearen abstentzioarekin eta EH Bilduren baiezkoarekin.

Eskoriatza Lagunkoiak ekarpenak egiteko prest

Amaitzeko, osoko bilkura entzutera joandako Eskoriatza Lagunkoiak taldeko ordezkariek hartu zuten hitza galde-eskeen tartean. Agintaldia osatuko dutenak ezagutzera, eta alderdi bakoitzak duen planteamendua ezagutzera agertu zirela adierazi zuen Jose Mari Kortazarrek. Eta honekin batera, lanean jarraituko dutela, eta udalbatza berriari ekarpenak egiten jarraituko dutela adierazi zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak