Musika eta dantza izango da nagusi Errekan Gora jaialdian

Imanol Beloki Unamuno 2019ko eka. 25a, 09:24

Atxorrotx Kultura Elkarteak Eskoriatzako Udalaren babesarekin antolatutako Errekan Gora jaialdiko egitaraua aurkeztu dute. Urtero moduan, musikak izango du protagonismoa, baina dantzak ere ez du hutsik egingo hamabigarren edizio honetan. Hori horrela, uztaileko hiru asteburutan, eta iraileko beste asteburu batean izango dira saioak, eta herriko txoko ezberdinak erabiliko dituzte horretarako. Aurten: Travelling Brothers, Lau Eme, Eskean Kristo eta Petti izango dira egitaraua osatuko dutenak.

Orain arteko edizio guztietan moduan, herriko txoko ezberdin bakoitzean izango da saio bakoitza, eta iazko edizioari jarraituz, hainbat ikuskizun uztaileko asteburuetan zehar banatuta izango dira, eta bakarra, iraileko asteburu batean.

Honakoa da egitaraua:

Travelling Brothers –uztailaren7an, domekan, Fernando Eskoriatza plazan, 19:30ean–, Lau Eme –uztailaren 12an, Gorosarri plazan, 22:30ean–, Eskean Kristo –uztailaren 19an, egubakoitza, Gernika plazan, 22:30ean–, eta Petti –Irailaren 14an, zapatua, Emakumeen plazan, 22:30ean–. 

Travelling Brothers

Zuzeneko emanaldi bizi eta ikusgarria eskaintzen duten blues alorreko musikariak dira. Estatuko jaialdi, klub eta areto handi askotan  eskaini dituzte emanaldiak eta, baita, Europako herrialde askotan birak eta itzuliak egin dituzte (Frantzia, Italia, Suitza, Alemania, Portugal...). Inoiz alderik alde igaro du ozeanoa AEBetan jotzeko.

Lau eme

Haatik dantza konpainiaren lana da. Kanpotik itxura ederra bazuten ere, sakonean zapalduak eta otzanak ziren garaiko emakumeek emango diote hasiera pieza honi. Familia zaindu eta euren senarrentzat apain egotea zen bete beharreko rola, baina pausuz pausu, eta borroka feministak historian zehar emandako aurrera pausoak erakutsi nahian, gaur egungo emakumearengana iritsiko gara.

Eskean Kristo

Arratiako musika taldea da, 2011an sortutakoa, eta garai bateko rockaren indarra erakustera igoko dira musikariak oholtzara. Rock&roll klasikoa oinarri hartuta, zipriztin psikodelikoak, punk pultsioa, bluesaren kadentzia edota melodia poperoak eskainiko dituzte beraien kantuetan, besteak beste.

Petti

Rock, folk-rock, post-rock, rhythm and blues, country… estiloz bustitako kantuak eskainiko ditu musikari beratarrak. Besteak beste, amerikar sustraiak dituen rocka eskainiko du, Eskoriatzan hainbat aldiz egin izan duen moduan. Hori horrela, bere ahots urratu eta sakonarekin izango da oraingoan ere oholtza gainean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak