'Pilota Berpiztuz' egitasmora haur dezente batu dira urtebetean

Imanol Beloki Unamuno 2019ko eka. 19a, 16:30

Iazko maiatzean abiatu zen Pilota Bepiztuz egitasmoa, Eskoriatzako haurrengan eskupilotarako zaletasuna handitzeko etapa berria. Funtsean, Lehen Hezkuntzako hirugarren eta seigarren maila arteko neska-mutikoentzat da, eta urtebete pasa ostean, fruituak ematen ari da ekimena, izan ere, hainbat gaztetxo ari dira pilota egitasmo honetan. Honekin batera, domeka honetan, Atxorrotx Kultura Elkarteak antolatutako Kontzejupe Pilota Txapelketa izango da.

17. urtez, Kontzejupe Pilota Txapelketa jokatuko da domeka honetan. Bikoteka, 10:00etan, 16 urteko azpiko gazteen saileko partiduak eta emakumezkoen kategoriak jokatuko dira, eta 15:00etan, aldiz, gizonezkoen kategoriakoak.

Eskupilotan jokatzeko kantxa berezia da kontzejupea. Izan ere, udaletxe azpiko arkupeetan maltzurkeriaz betetako pilota partiduak jokatu izan dira, eta horiek ondo ezagutzen dituzte bertan ordu asko sartu dituztenek. Maltzurkeriaz, trebeziaz, baina, aldi berean, kiroltasunez betetako partiduak izaten dira. Izan ere, udaletxeko ateko koxkara botatzen dute pilota askok; beste batzuek, aldiz, atzeko pareraino, eta errebotean eraman behar izaten dute pilota partehartzaileek… Halakoak eta beste hainbat ikusteko aukera izango da domeka honetarako Atxorrotx Kultura Elkarteak antolatutako Kontzejupe Pilota Txapelketaren 17. edizioan.

Partiduak, bikoteka

Lehen, liga modura antolatzen zen, eta astean zehar jokatzen ziren partiduak; gaur egun, aldiz, egun bakarrean egiten da txapelketa. Hala ere, eskupilotarekiko zaletasuna duten herritarrez betetzen da Fernando Eskoriatza plaza ingurua. Hori horrela, 16 urtetik beherako haurrak izango dira, bikoteka, txapelketari hasiera emango diotenak. 10:00etan hasiko dira partiduak, eta izen-ematea bertan egin beharko da, pixka bat lehenago joanda. Horiekin batera, emakumezkoen partiduak izango dira. Azken hauek pasa den edizioetan indarra hartu dute; iaz, esaterako, emakumezkoen lau bikote izan ziren.

15:00etan, aldiz, gizonezkoen partiduak izango dira. Horietan, adineko jendea gazteekin batu ohi da; hala, esperientziaren eta gaztetasunaren arteko nahasketa sortzen da. Batzen diren bikoteak ere ohikoak izaten dira txapelketan, baina nahi duenak eman dezake izena. 

Zapatuan beharrean, domekan

Kontzejupe Pilota Txapelketa domekan egitea erabaki dute antolatzaileek. Normalean, zapatuan egin duten arren, zapatu honetan Aste Zapatistako bazkaria izango da bertan, eta domekan, ekainaren 23an, izango da txapelketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak