Jaiegunari hasiera emateko, egubakoitzean, helduentzako ipuin kontaketa izango da Inkernu tabernan, 22:30ean.
Helduentzako ipuin kontaketa
Dorleta Kortazar eskoriatzarrak 80 amandre izeneko kontaketa egingo du. "Ilusio handiaz hartu dudan ikuskizuna da. Gogoz nengoen nire amandrearen edo amonaren istorioak batzeko… Jorge Oteizaren teoria batek esaten zuen moduan: Paleolitikotik, 80 belaunaldi nahikoa dira gure iraganetik gaur egungo bidea egiteko. Eurak zirena gu ere bagarelako, lau ipuinetan banatutako kontaketa egingo dut", adierazi du Kortazarrek.
Puzgarriak egun osoan
Zapatua txistularien kalejirarekin hasiko dute, eta Eskoriatzako talogileak Fernando Eskoriatza plazan izango dira, urtero moduan, talo goxoak prestatzen. Aurtengo berritasuna da haurrentzako puzgarriak goizean bakarrik ez, arratsaldean ere egongo direla.
Herri bazkaririk ez
Urtero egin izan ohi dute herri bazkaria, baina azkenaldian izan diren eta dauden ekintza ugarirengatik deskantsua hartzea eta ez antolatzea erabaki dute. "Pasa den astean Puntaik Punta izan zen, eta jende asko mugitu zuen. Aste Zapatistan ere izango da bazkaria… beraz, aurten erabaki dugu ez egitea, eta datorren urtean indarberrituta antolatzea", adierazi du Juan Luis Zubizarreta Atxorrotx Kultura Elkarteko lehendakariak.
Aldaketak egin guran
2003an sortu zen Atxorrotx Kultura Elkartea, eta gaur egun egoera onean dauden arren, aldaketak egin nahi dituztela adierazi du Zubizarretak: "Pixka bat motelduta gaude; izan ere, urtero ekintza berberak egiten ditugu… eta aldaketen beharrean gaude. Bi helburu ezarri ditugu: batetik; elkartea indartzeko bazkide gehiago lortzea. Izan ere, gaur egun, 90 bazkide gara, eta handitzea gustatuko litzaiguke. Bestetik, batzordea aldatzea. Jende berria sartu nahiko genuke; hala, ideia berriekin ekintza berriak sortzen laguntzeko".
Erantzun ona antolatutakoek
Atxorrotx Kultura Elkartearen egunaz gain, uztailean antolatzen duten Errekan Gora jaialdirako hitzorduak lotzen ari direla ere adierazi du Zubizarretak: "Ia guztia lotuta daukagu, baina ez nuke oraindik ezer aurreratu nahi. Seguruenik, iaz moduan, irailerako ere gordeko dugu zerbait".