ALBISTEAK

"Herritarrei entzuten jarraituko duen taldea" aurkeztu du Eskoriatzako EAJk

Imanol Beloki Unamuno 2019ko mai. 7a, 11:53

Datozen udal hauteskundeetara, Joserra Zubizarreta, egungo Eskoriatzako alkatea, buru izango duen taldea aurkeztu zuen atzo EAJk, Gorosarri plazan. Herritarrak, alderdikideak eta ordezkaritza politiko zabala izan zen bertan.

Herritarrei eta bereziki zerrendakide izango dituen pertsonei eskertza beroa eginda, Joxean Artzeren olerki ezaguna irakurriz hasi zuen aurkezpena Zubizarretak. Hain zuzen, alkategaiak azaldu zuen, duela lau urtetako ilusioa sendotuko dutela, eta guztiei entzunez eta guztiekin lan egiteko prest egongo direla gaineratu zuen: "Guztion artean posible izango dugu orain dela lau urte sortu genuen ilusioa sendotzeko. Horrela, bidea emango diogu Eskoriatzari eta horrela bidea emango diogu EAJ-ri. Eta datozen lau urtetan asmo berdinarekin jarraituko dugu, guztiak entzuteko prest eta guztiekin lan egiteko prest. Benetan sinisten dugulako ez duela inporta ideiak nondik datozen gure herrirako onak badira".

Horrekin batera, erronka berriari ideia eta asmo sendoekin helduko diotela adierazi zuen. Proposamen berriak ere aurreratu zituen; kiroldegian kanpoko igerilekua egitea eta San Pedroko goiko parkea konpontzea edo Dorletako umeen parketa berriztea. Asmo hauek, ordea, aurki aurkeztuko duten programaren aurrerapena besterik ez direla adierazi zuen.

Ordezkaritza zabala ekitaldian 

Alkategaiak lankidetza eta erakundeen arteko elkarlan sendoaren balioa azpimarratu zuen. Hori horrela, ekitaldian izan ziren Eider Mendoza, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea; Maria Eugenia Arrizabalaga, Batzar Nagusietako bozeramailea; Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako foru diputatua eta Ainhoa Aizpuru, Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatua. Debagoieneko alkategai eta hautagai jeltzaleak ere egon ziren ekitaldian.

Arrizabalaga eta Egibarren hitzak

Maria Eugenia Arrizabalaga Deba Urolako hautagaitzaren zerrendaburuak ere hartu zuen hitza, eta besteak beste, Eusko Alderdi Jeltzalearen ereduari heltzeko eskatu zien herritarrei.

Amaitzeko, Joseba Egibar, Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak itxi zuen ekitaldia. Joxean Artzeren poema hizpide hartuta (“Ur berria edaten, beti berri den ura, betiko iturri zaharretik”), Egibarrek  esan zuen poema eder horrek "baduela ikasgaia Eskoriatzan"; izan ere, "iturri zaharreko ur berria beti edangarria" izan behar dela adierazi zuen. Hain zuzen, ur horrek ez badu gatzik edo mineralik ez delako edateko ona izango. Eta batzuen aldetik hori gertatu dela herri honetan adierazi zuen, inposizioaren ura eman dutelako. "Inposizioaren ura ezta edangarria, ez da ona, eta gainera, gorrotoa sortzen du. Guk ezin dugu inor gorrotatu, elkarbizitza bai, errespetua eskatu eta exijitu bai, baina gorrototik ez dator gauza onik".

Eskoriatzako Udalerako EAJ-PNVren hautagaitza:

1. Joserra Zubizarreta
2. Maite Uribe
3. Antonio Regaño
4. Puri Regidor
5. Josu Ezkurdia
6. Ana De Castro
7. Maite Zubia
8. Sorkunde Pagalday
9. Emete Gallastegi
10. Cati Perea
11. Jesus Mari Izagirre
12. Pedro Mari Armendariz
13. Edith Altuna
14. Karmelo Azkoitia

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak