Eskoriatzarren artean irakurzaletasuna bultzatzeko eta idazleek aurrerapen sozial eta kulturalari egindako ekarpena agerian jartzeko, Literatura Zikloa antolatu dute Eskoriatzako Bibliotekak eta Udalak elkarlanean. Datuei erreparatuz, "Eskoriatza herri txikia izanda, irakurzaletasuna dagoela esan daiteke. Gauza xumeak bideratu eta eginez etekina ateratzen dugu", adierazi du Iñaki Agirianok, Eskoriatzako Bibliotekako arduradunak.
Liburu irakurrienak
Haurren eta gazteen artean mailegutza kopurua jaisten ari dela eta helduenak, berriz, igo egin direla adierazi du Iñaki Agirianok, Bibliotekako arduradunak. "Helduen literaturan gazteleraz askoz gehiago dira. Gazteenetan, berriz, hiru liburu mailegatuenak euskaraz dira, eta hori positiboa da. Iaz, Eskoriatzako haurren artean, Bibliotekan mailegutzan gehien hartutako euskarazko liburua Futboleroak, Norberaren atean sartutako zazpi golen misterioa izan da. Helduen artean, berriz, maileguan hartutako lehenengo berrogeita hamarren artean ez dago euskarazko liburu bakar bat ere. Eskoriatzan, irakurlea emakumea da, eta, batez ere, 50 urtetik gorakoa. Gaztelerazkoak irakurtzen dituzte gehiago, eta euskarazko irakurriena, berriz, Uxue Alberdiren Jenis Joplin liburua da".
Gustuak elkartrukatzen
Apirileko egitarauari hasiera emateko, egubakoitzean, esaterako, Literatur kedada izango da, Zaldibar antzokian, 19:00etan. Hainbat herritarrek eman dute izena, bertan, eta norbanako bakoitzak liburu baten pasarte bat irakurriko du. Hala, euren artean iritziak, gustuak… konpartitzeko aukera izango dute, eta izena eman ez duenak ere aukera izango du bertara joateko.
Horrez gain, honako hauek ere izango dira:
Apirilak 11, eguena
• 18:00 Pello Añorgaren Udaberriko haziak ipuin kontaketa, Bibliotekan.
• 19:00 Margaret Atwood idazlearen El cuento de la criada liburuari buruzko literatur tertulia, kultura etxean.
Apirilak 12, egubakoitza
• 18:30 Beheko Errota Musiko Eskolakoen eskutik, Kanta galduak ipuin musikatua, Zaldibarren. Eta gero, Ezagutuz ulertu eta ulertuz maitatu lehiaketaren sari banaketa.
Apirilak 14, domeka
• 19:00 La sociedad literaria y el pastel de piel de patata filma.