"Esperientzia, gaztetasuna eta lan ildo ezberdinen eremuak jasotzen saiatu gara, eta horiek jasota daude pertsonengan; hala, irakasleak, langileak, gazteak daude", adierazi du EH Bilduren egungo bozeramaile den Aitor Zubizarretak eta gaineratu: "Uste dugu Eskoriatzak dituen beharrei eta bereziki herri bizitzari indarra eta biziberritzea emango diola talde honek". Eta Eluska Irazu alkategaiarekin batera izango diren lehenengo laurak aurkeztu ditu: "Nestor Aranak Danimarkan dihardu lanean gaur egun. Dorleta Sologaistoa gazteekin eta nagusiekin esperientzia handia duen erizaina eta kudeatzailea da; Ander Errarte gazteak esperientzia handia du gazteekin, eta Arrasaten kale hezitzaile lanetan dihardu. Eta Iñaki Lizundiak lan instituzionalean esperientzia handia du Ortuellan, eta orain Eskoriatzan ere bai".
Pertsonengan oinarrituta
Eluska Irazu zerrendaburuak 43 urte dauzka eta irakaslea da. Euskararen bueltan lan egindakoa da gaztetatik Eibarren, jaioterrian, eta historia ikasketak egin zituen. Hogei urtetik gora daramatza irakaskuntzan, hainbat mailatan eta hainbat eratako ikastetxeetan, eta enpresa munduan ere trebakuntza saioak emandakoa da.
Politikan, ostera, ez duela esperientziarik onartu du: "Esperientziarik ez baina badaukat gogoa lanerako, Eskoriatza mundiala izan dadin, eta horretarako egitasmo eta proiektu indartsuak dauzkagu. Atzetik izango dugun jendeak eta orain arte egon direnek lagunduko digute proiektu horiek aurrera eroaten", zioen aurkezpen unean. Era berean, pertsonengan jarriko dutela arreta gaineratu du: "Guretako garrantzitsuak dira pertsonak eta horiek egingo dituzten ekarpenak. Gu adituak izango gara kontu batzuetan baina bakoitza berean da aditua, eta jendeak duen potentziala aprobetxatu behar da, jendeak duen esperientzia eta ideiak hartu eta garatzeko". Taldearen garrantzia ere azpimarratu gura izan du, "ez delako pertsona bakarraren kontua".