Domekako dantzekin amaituko dute kintoek

Imanol Beloki Unamuno 2019ko ots. 8a, 18:00

Martitzenean egin zituzten dantzak aurtengo Santa Ageda neska-mutilek. Horrez gain, hainbat egunez kantu-eskean eta parrandan aritu dira, eta domeka honetan Fernando Eskoriatza plazan 19:00etan egingo dituzten dantzekin amaituko dute.

Pasa den zapatuan hasi ziren motorrak berotzen 2001ean jaiotako eskoriatzarrak. Izan ere, Kinttaden Eguna izan zen, eta parrandatxoa egiteko aprobetxatu zuten, Eskoriatzako beste hainbat kintadarekin batera. Hala, egun ederra pasatzeaz batera, 19:00etan Santa Ageda egunerako dantzak entseatzeko ere aprobetxatu zuten batzuek. Izan ere, adin askotariko herritarrek dantza egin zuten kontzejupean, txistulariek lagunduta, eta aurtengo Santa Ageda neska-mutilak ere animatu ziren dantzatzera.

Hala ere, aste honetan izan dituzte festa eguna handiak. Astelehenean, Santa Ageda bezperan, elizateetan aritu ziren baserriz baserri kantu-eskean, eta, horretarako, bi taldetan banatu ziren. Martitzenean, Santa Ageda egunean, aldiz, herriko kaleetan aritu ziren: ikastetxeetan, enpresetan… Horrekin batera, urtero lez, dantzak izan zituzten Fernando Eskoriatza plazan, eta domeka honetan berriz egingo dituzte, 19:00etan.

Dantzak, emozioz beteta

Plazan batu ziren kinto guztiek banakoa egin ostean, Gorka Zubillagak eta Alaitz Ortuetak egin zuten aurreskua plazan. Zubillagak ama atera zuen plaza erdira eta Ortuetak, berriz, aitona. Emozioz betetako momentuak izan ziren ikusle askorentzat, eta protagonistentzat eurentzat; batez ere, aurreskua amaitzean, musu eta besarkada eman ziotenean beraien familiarrei.

Eguaztenean ere, kantu-eskean

Egun gutxi ez, eta aurtengo kantu eta parranda egunak amaitu barik, eguaztenean ere kantueskean aritzeko aprobetxatu zuten hainbat kintok. Izan ere, etxe guztietatik pasatzeko astirik ez, eta hainbat auzotakoei kantatzeko asmoz, berriz irtetea erabaki zuen zuri-gorriz.

Bertsoak, arrakastatsuak

Aurtengo berrikuntza izan da Oihana eta Haizea Arana ahizpek santa-eskean aritzeko bi bertso berri eta bakarra agur moduan asmatu dituztela. Gaur egunera egokitutako bertsoak, kinto guztien onespenarekin, gustura ikasi eta kantatzen aritu dira egunotan

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak