Diru gehiago 2019 urterako

Imanol Beloki Unamuno 2018ko abe. 19a, 17:43

5,5 milioikoa izango da Eskoriatzak 2019ra begira izango duen aurrekontua. Iaz baino, %3,5 handiagoa. Udal Gobernuak aurkeztutako proposamenari ezetza eman zion Irabazik, eta EH Bildu, berriz, abstenitu egin zen EAJrekin akordio batera iritsi ez direlako.

Martitzenean egindako ezohiko osoko bilkuran ez zen Joserra Zubizarreta alkatea egon, gaixotasunagatik. Hori horrela, haren ordez, Josu Ezkurdia Hirigintza eta Mugikortasun batzordeburuak hartu zuen alkateorde kargua. Hori horrela, landu zituzten gai guztietatik azpimarragarriena 2019ra begirako udal aurrekontua onartzea izan zen, eta Udal Gobernuko EAJren eta Elizateen aldeko botoekin, Irabazi Eskoriatzaren ezezkoarekin eta EH Bilduren abstentzioekin onartuak izan ziren.

Udal Gobernuak aurrekontuan herritarren 30 proposamen sartu dituela adierazi zuen, EH Bildu eta Elizateen proposamenez gain; eta herritarren iradokizunak jasotzeko hainbat batzar egin dituztela gogorarazi.

Diru gehiago 2019ra begira

Eskoriatzako Udalak 5.590.028, 86 euroko aurrekontua onartu du 2019rako. Iaz baino %3,5 handiagoa. Josu Ezkurdiak adierazi zuen horren arrazoia dela Foru Funtsa handitu egingo dela eta 139.000 euro gehiago jasoko dituztela. Horrekin batera, bozkatu aurretik, Irabazik proposatutako emendakinak, denak batera onartzea edo ez onartzea eskatu zuen Josu Ezkurdiak, eta hau adierazi: "Aurrekontuekin bi hilabete daramagu, hiru Ogasun batzorde egin ditugu, beste udal taldeekin ere bilerak egin ditugu… Hori horrela, Irabazirekin ez gara egon, eta, behin batzordean aurrekontuak adostu ondoren, orduan etorri zaigu beraien proposamena; beraz, aukera egon den arren, orain ez dugu eztabaidatuko…".

Akordioa, bertan behera

Ostean, EH Bilduk eta EAJk aurreikusita zuten akordioa izan zuten hizpide. Akordioa bertan behera geratu zela adierazi zuten Udal Gobernuko kideek, baina EH Bilduk agertutako jarrerarekin pozik agertu zirela adierazi zuten: "Saiatu gara EH Bilduk egindako hainbat ekarpenekin akordio bat sinatzen, baina, agian, gauza hauek negoziatzen luzatu egin garelako, edo berandu ibili garelako, ezin izan da posible izan. Pena ematen digu, baina adierazi beharra daukat EH Bilduk egindako ekarpen guztiak, edo ia guztiak, aurrekontuetan sartu ditugula, eta gure konpromisoa edo asmoa hauek burutzea dela".

Horren harira, EH Bilduko Aitor Zubizarreta bozeramaileak honako hau adierazi zuen: "Abstenitu egin gara; izan ere, guk aurrekontuak hobetzeko egin ditugun ekarpenak jaso arren, ez dakigu beteko diren. Horregatik, ez da akordioa atera. Diru-laguntzarik balego, beteko lirateke, eta ez badaude, ez dakigu egingo diren. Inbertsioak handitu dira, baina herritarrengan gastatu behar ditugu, gaur egungo egoera ekonomikoaren onurarako. Dena den, aitortu beharra daukagu EAJrekin elkarlana positiboa izan dela. Agintaldiko lehenengo urtean ez genuen aukerarik izan hitz egiteko, ekarpenak bertan behera geratu ziren… Aurten, berriz, elkar entzun dugu, eta onartuak izan dira hainbat proposamen". 

Irabaziren ezezkoaren arrazoia

"Aurten, ezetza bozkatu diegu aurrekontuei, iaz moduan, epe motzeko aurrekontuak direla uste dugulako. Aurrekontu proposamena eman zigutenean, garrantzia obrek zutela ikusi genuen. Materialari garrantzia ematen diote, eta pertsonak ez dira inbertsioen ardatza; beraz, ez gatoz horrekin bat. Pertsonek izan behar dute lehentasuna obren aurretik. Gure ustez, proiektu sozialetan, garapen iraunkorrean, gazterian, etxebizitzetan, berdintasunean… inbertitu behar da gehiago, eta ez obretan", adierazi du Rafa Bernal Irabaziko bozeramaileak.

Inbertsioei garrantzia

Inbertsioei begira, diru kopuru gehiago izango da 2019ra begira; hori horrela, 310.000 euro inbertsioetarako izango da. Hau da, iaz baino %34 gehiago. Horrez gain, Gizarte Zerbitzuetarako, Gaztedia eta Enplegu Garapenerako %27ko igoera izango da, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak