Kulturari eta naturari musuak banatzera

Imanol Beloki Unamuno 2018ko aza. 9a, 10:09

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak 'Musua' izeneko ikuskizun berria aurkezten izango dira zapatuan, 17:30ean, Manuel Muñozen. Lan berrien estreinaldi guztietan egin ohi duten bezala, besteak beste, pertsonaia berriak ekarriko dituzte Eskoriatzara.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Musua izeneko lan berria estreinatuko dute zapatu honetan, Eskoriatzan. Ikuskizuna 17:30ean hasiko da, Manuel Muñoz kiroldegian, eta sarreren prezioa sei eurokoa izango da.

Pailazoen lan berrian, urteari errepasoa egingo diote, eta urte osoko pertsonaiak oholtzan desfilatzen arituko dira. Natura eta kultura ardatz izanda, biei musuak banatzeko asmoz. Honela adierazi du Porrotxek: "Gure kultura naturatik dator, eta badirudi aldentzen ari garela. Hori horrela, Santa Agedan, udaberria heltzeko abestuko dugu, Ziripot, Mielotxin, joaldunak… izango dira, suaren bueltan ere dantza egingo dugu, Arimen Gaua ospatuko dugu… Neguan, berriz, Olentzero izango dugu, eta aurten, indar berezia izango duen Mari Domingi pertsonaia berria. Iratxo bat ere arituko da gurekin zein naturarekin jolasean, eta ikuskizunaren amaieran deskubrituko dugu zein den… Horrez gain, azken 25 urteotan asko aldatu da Euskal Herria, eta herrialde ezberdinetako jendea dago gurean; hala, Olentzeroren astoa ere aldatuta etorriko da."

Bideoklipak, laster ikusgai

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Musua saioak ordu eta laurden iraungo du, pertsonaia berriak izango dira oholtza gainean eta abesti berriak sortu dituzte ikuskizunerako. Hain zuzen ere, Leire Bilbaok egin ditu letrak, Xabier Zabalak musika eta Maite Mutuberriak, berriz, ilustrazioak. Horrekin batera, laster, hainbat kanturen bideoklipak ikusgai izango direla adierazi dute Eskoriatzan musuak banatzen izango diren pailazoek.

Sarrerak oraindik salgai daude

Eskoriatzako Manuel Muñoz kiroldegiko edukiera 1.300 pertsonakoa da, eta eguaztenerako 900 sarrera salduta zituzten. Hala, urtero gertatu ohi den moduan, sarrerak erosteko azken momentura arte itxaroten dute askok, eta horiek eskuratzeko aukera dagoela jakinarazi dute antolatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak