Eskoriatzako publikoa ere liluratuta 'Gure zirkua' ikuskizunarekin

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko ira. 16a, 16:06

Oso gustura irten dira ikusleak gaur eguerdiko emanalditik. Bero bazegoen ere gustura egin dute barre. Joko eta abilezia sinesgaitzak ere ikusi dituzte karpa barruan. Artistek esan dute publiko oso atsegina izan dutela Eskoriatzan eta laster izango direla, berriz ere, Debagoienean: bi aste bukaera barru Elgetan, hain zuzen ere.

Aurreskua soka gainean, pailazokeri ugari eta dibertigarriak, bihurrikatze ariketa sinesgaitzak, trapezista abileziak, globoak irensten dituen magoa, malabarista... Txalo zaparrada ugari jaso dituzte gaur eguerdiko emanaldian Gure zirkua ikuskizuneko taldekideek Eskoriatzan. Merezi zituzten. Kalitatezko proposamena egiten dute karpa barruan, eta batez ere gertukoa. Hori da ziurrenik uda osoan eta hamaika herritan izan duten arrakastaren gakoetako bat.

Euskal kantak eta doinuak dira protagonista ikuskizunean, jolas egiten dute hizkuntzarekin eta euskalkien arteko berezitasunek txiste baterako baino gehiagorako ematen dute. Gustura egiten dute esku artean dutena eta transmititu egiten dute. "Eskoriatzan oso publiko atsegina izan dugu", adierazi du emanaldi amaieran Don Martin antzezten duen Joseba Usabiagak. "Herri txikia da, eta nabaritu egiten da publikoak elkar ezagutzen duela. Horrek bereziak egiten ditu emanaldiak".

Eskoriatzako emanaldietarako salgai ipinitako sarrera guztiak agortu dira eta bada kanpoan gelditu den jendea ere. Bi aste barru Gure zirkua Elgetan izango da. Sei emanaldi egingo dituzte bertan eta oraindik ere gelditzen dira hilaren 28rako 21:30ean iragarrita dagoen emanaldirako sarrera ticketea.com atarian.

"Merezi du. Oso lan fina, ona eta landua egiten dute. Zoragarria", adierazi du Zarauztik alabekin etorritako aita batek. "Neskatilek ikusia zuten, baina nik ez. Denok etorri gara gaur. Hau ere bada bertako produktuak kontsumitzea" .

 

Erlazionatuak

Gure zirkua Eskoriatzan, karpa beteta

Larraitz Zeberio Lekuona 2018 ira 16 Eskoriatza

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak