Datorren asterako irekiko dute Santa Anako aparkaleku berria

Imanol Beloki Unamuno 2018ko ira. 5a, 09:32

Santa Anako aparkaleku berrian 51 autorentzako plaza izango dira; horren ostean,  parke bat egingo da bi partzelatan, eta baita oinezko pasabide bat Jose Arana auzoko etxeen atzeko aldetik joango dena. Hala, Santa Ana eta Santa Marina auzoak batuko dituen eremua, guztiz, azarorako amaituta izatea aurreikusten da.

Datorren asterako aurreikusten da zabalik egongo dela Santa Ana auzoko doako aparkalekua.  Guztira, 51 autorentzako plaza izango dira eremu horretan, eta datozen egunotan aparkalekuak markatu eta margotu ostean irekiko da.

Lur eremu horietan ez da soilik aparkalekua egingo, izan ere, hiru fasetan daude oinarrituta Santa Ana eta Santa Marina auzo bitarteko eremuko lanak. "Aparkalekua irekitzea izan da lehenbiziko lana, eta horri eman diogu garrantzia handiena, lehen fasea deitu diezaiokeguna. Lur eremua zabaldu, galipota bota eta argiteria jarri dugu, eta aparkalekuak markatzean, lehenbailehen irekitzea da asmoa. Bigarren fasean, lurra pilatuta dagoen lursailean parke bat egingo dugu, lurra kendu, eta aparkalekuaren alturara jarriz. Hori urrirako egin nahiko genuke. Hirugarren fasean, Jose Arana kaleko etxeen kontra, hauen atze aldean, oinezko pasabide bat egingo dugu, eta hau, berriz, azarorako amaitzea da gure asmoa", adierazi du Josu Ezkurdia Hirigintza eta Mugikortasun Batzordeburuak.

Ondo aprobetxatutako partzelak

Santa Ana eta Santa Marina auzo bitarteko lur eremuko bi partzelatan aparkalekua joango da, eta beste bietan berriz parkea. "Guztira, 5.500 euro inguruko alokairua ordainduko dugu lau partzelengatik, eta parking-a egiteko, eta eremu osoko egokitzapen eta bestelako lanetarako 29.000 euro inguruko aurrekontua jarri ditugu. Horrez gain, oinezko pasabidea egiteaz lur-jabeak arduratuko dira".

Alternatiba bilatuta

2014ko otsailean egin zen Eskoriatzako Santa Ana auzoko aparkalekua. Herri erdigunean aparkatzeko oso leku aproposean. Ordutik, hona irekita izan da, eta leku oso erabilia eta erosoa izan da herritarren artean. Hala ere, 2017ko uztailean itxi zuten aparkalekua. Hala, Udalak eta lur jabeak adostasun batera iritsi, eta gune berria izango da Eskoriatzan, batetik, aparkatzeko, eta bestetik, lasai egon nahi dutenek parkean disfrutatzeko.

Aparkalekua itxi zenean herriko toki ezberdinetan hainbat aparkaleku egin zituen Udalak, baina nahikoa ez, eta Arbiñosteko espaloian aparkatzeko baimena eman zuen, ez ohiko neurri moduan. Hala ere, aparkalekua erabilgarri dagoenean, ezingo da espaloi horretan aparkatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak