Oporren aurretiko azken osoko bilkura izan zuten, martitzenean, Eskoriatzako udalbatzako kideek, eta hainbat gai tratatu zituzten.
Kaleak garbitzeko zerbitzua kontratatzeko espedientea onartu eta lehiaketarako deialdia egitea onartu zuten atzoko osoko bilkuran. Hala ere, batzordean erabakitako hainbat aldaketa izango ditu kontratazioak: Arlo teknikoan, lehiaketara aurkezten diren enpresen puntuazioan, eta neurri berriak jarriko dituzte kontrol gehiago izateko. Hala, orain arte halako kontratazioen esleipena bi urtetarako bada ere, urtebeterako soilik izatea ere erabaki zuten udalbatzako kideek.
Honekin batera, sentsibilizazio kanpainarik egingo ote den galdetu zuten EH Bildukoek. Honen aurrean, Eskoriatzak Merezi du kanpaina martxan jarriko dutela adierazi zuen Josu Ezkurdia, Hirigintza eta Mugikortasun batzordeburuak.
Irabaziko Rafa Bernal bozeramaileak, bestalde, gaineratu zuen egindako aldaketetan ingurumeneko klausula asko sartu dituztela, eta kanpaina egitea ere positibotzat hartu zuen.
Espieleko alkatea jaietan
Galde-eskeen tartean, San Pedro jaien inguruko hainbat galdera atera zituen mahai gainera Aitor Zubizarreta EH Bilduko bozeramaileak. Jaietan, Espieleko (Cordoba) alkatea herrian izan zen, eta elizbiran parte hartu zuenez, hainbat esplikazio argitu nahi izan zituen Aitor Zubizarretak: "Nork gonbidatu zuen, aurrekontua zenbatekoa izan zen, eta nolabaiteko senidetze konpromisorik dagoen galdetu zuen". Honen aurrean, hau erantzun zuen alkateak: "Espielen izan ginen apirila bukaeran, Eskoriatzatik bi autobus joan zirelako bidai batetara. Bertan, lagun egin ginen, eta aprobetxatu genuen, bertako alkatea Gasteizera zetorrela, jaietara gonbidatzeko. Aurrekontua, bestalde, 40 eurora ez da iristen…, beraz, norbaitek uste badu dena ordaindu diogula, ez da horrela izan…".
Nestor Aranaren kargu-uztea
Bilduko zinegotziak legealdi honetako bere azken plenoa izango zela adierazi zuen. "Lan kontuengatik Danimarkara noa, eta oposizioak bere mugak dituen arren, egindako lanarekin geratzen nahiz, esperientzia positiboa izan da. Behinola bati entzun nion moduan: Herritar denok bertatik pasatzeko moduko esperientzia da, bertatik ikusteko nola hartzen diren erabakiak, nola egiten den lana…, eta hor badaukagu errekuperatu beharra konfiantza gure instituzioengan".