Zabalik dago Eskoriatzako saihesbidea

Iker Oñate 2018ko eka. 22a, 14:53

Gaur eguerdian –egubakoitza– zabaldu dute Eskoriatzako saihesbidea. Oraindik, dena den, bukatu barik dituzte obrak.

Hilabetez itxita egon ostean, gaur zabaldu dute Eskoriatzako saihesbidea –GI-627 errepidea–, 13:00etan. Besteak beste, Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek eta Eskoriatzako Hirigintza eta Mugikortasun zinegotzi Josu Ezkurdiak esku hartu dute irekiera hitzorduan. Hain zuzen ere, udaberriko euriteek eragindako kalteak konpontzen dihardute leku horretan –horrek eragin du saihesbidearen itxiera–. Orain artean, mikropilote pantaila batzuk jarri dituzte hustubidearen bi aldeetan –ainguratutako bi habek indartzen dituzte horiek–. Eta, horrez aparte, aurrez fabrikaturiko hormigoizko zenbait marko jarri dituzte.

Tartean, lanaren "zailtasuna" azpimarratu du Oiarbidek: "Lan zaila izan da. Luzea. Soluzio sakona eman beharra genion eremuari. Eta hala egin dugu. Esan beharrekoa da langileak gau eta egun izan direla lanean –asteburuak barne–. Bestela, gaur ez legoke irekita". Zehatz esanda, milioi bat euroko kostua du eremua birgaitzeak –bidegorriko luiziak konpontzeak eragindako 100.000 euroko gastua gehitu behar zaio horri–.

Eta, bidea irekita dagoen arren, lanean segituko dute –aurreikuspenen arabera, uztailean bukatuko dituzte lanok–. Hainbaten artean, ibaiaren kanalizazioa estali, oinezkoan bidea sortu eta hilerrirako bidea konpontzea dagokie orain.

Bidea irekita, Oiarbidek eskerrak eman dizkie eskoriatzarrei, "izandako pazientziagatik". Izan ere, saihesbidea ireki artean, herri barrutik bideratu dute trafikoa. "Saihesbideko trafikoa desbideratu beharra izan dugu, Diputazioak hala eskatuta. Eta ondo erantzun du herriak",  aitortu du Ezkurdiak. Hain justu, Jose Arana kalera eroan dute saihesbidean joan behar zukeen trafikoa. "Gaur aldatuko ditugu seinaleak, Jose Arana kalea lehengo egoerara itzul dadin", gaineratu du.

Sei milioi euro, Gipuzkoan

Bestetik, Gipuzkoara begira jarri da Oiarbide. Haren esanetan, lurraldean "kalte handiak" eragin ditu "ezohiko" neguak. Eta, oro har, sei milioi euroko kostua izan dute kalteen ondoriozko birgaitzeek. "Emergentziazkoak izan dira gehienak. Alegian, makinek proiektua egin aurretik ziharduten lanean", argitu du. Haren esanetan, egin behar izan duten birgaitze "garrantzitsuenetakoa" da Eskoriatzakoa.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak