22. Ferixarako dena prest

Imanol Beloki Unamuno 2018ko mai. 30a, 15:41

Zapatuan ospatuko da Arizmendik antolatuta, eta Eskoriatzako Udalak lagundutako Ferixie, eta urtero moduan, artisau, nekazari eta bestelako postuak jarriko dituzte herriko erdigunean. Aurtengoa 22. edizioa izango da, eta Estitxu Aguado Arizmendiko ordezkaria izan da Goienan horren berri ematen.

Hogeita bigarren edizioa izango da zapatukoa, eta aurten, saihesbidea aldi baterako itxita dagoenez, hainbat aldaketa egin behar izan dira, baina, ez dute eragin handirik izango. Postuen lokalizazioan aldaketa txiki batzuk dauden arren, urteroko egitarauari jarraituz antolatu dituzte eguneko hitzordu guztiak. Honekin batera, Dorletatik bueltan, eta Arbiñostetik pasako dira auto guztiak, eta zirkulazioa zaintzeko, Arizmendiko irakasle eta gurasoak izango dira bi puntutan, txandakatuz –Hotel pareko biribilgunean, eta Arbiñosteko bidegurutzean–.

Postuak, sei gunetan banatuta

Umeen gunea; haur txokoa eta puzgarriak, Jose Arana ikastolako jolastokian egongo da; talo postua eta taberna, beti bezala, elizpean; baserriko produktuak eta gazta txapelketa Santa Marina plazan, artisau postuak Santa Ana aparkalekuan, eta dantzak eta bazkaria, Fernando Eskoriatza plazan.

Postu asko, eta aurten erraldoiak

Saltzeko zein erakusgai egongo diren postu ezberdinak izango dira aurten ere. Hala adierazi du Estitxu Aguado, Arizmendiko ordezkariak: "Guztira, 90 postu inguru izango dira. Artisauak geroz eta gehiago daude urtero, elikagaien postuak, aldiz, gehiago izatea nahiko genuke…, hori da aurrera begira dugun erronka. Horrez gain, aurtengo berrikuntzetako bat, Arrasateko erraldoi eta kilikien konpartsa herriko kaleetan zehar ibiliko dela da".

'Zuk egin zuk jan' bazkaria

Azken urteetan errotu den Zuk egin zuk jan bazkari mota ere izango da Ferixan. Eguraldiak laguntzen badu, Fernando Eskoriatza plazan egingo da, eta mahaiak eta aulkiak bertan izango dituzte bazkaltzera joan nahi dutenek. Eguraldi txarra egiten badu ordea, beste hainbat hitzordu moduan, Joseba Iñurrategi pilotalekuan egingo dira.

Honen ostean, Txapel jaurtiketa txapelketako zazpigarren edizioa izango da, eta aurtengoan, oraindik zehaztu gabe dute Txistularien Arratean egingo den, edo urtero bezala, Jose Arana kalean egingo den, zirkulazioa kontrolatuz.

Pazientzia, Ferixara datozenei

Errepidea itxita egongo da kotxeentzat, baina, autobus batzuk pasako dira; beraz, eskoriatzarrei eta bertara etorriko direnei hori kontuan izatea eta kontuz ibiltzea eskatzen dizkiete Arizmenditik eta Eskoriatzako Udaletik.

Egitaraua:

09:00 Etxaflero jaurtiketa.

09:30 Txistularien kalejira.

10:00 Ferixaren hasiera, (Baserriko produktu eta jakiak, artisautza, tresneria…), eta Arrasateko erraldoiak arituko dira goizean zehar.

10:15 XXI. Txorimalo lehiaketa.

11:00 Haur eta gazteentzako tailerrak eta puzgarriak Jose Aranako jolastokian.

11:30 X. Gazta dastaketa eta txapelketa Santa Marina plazan.

11:30 Kalejira trikitilariekin.

12:00 Almeneko ikasleen ikuskizuna ikastolan.

12:30 Euskal dantzak plazan.

14:00 Sari banaketa eta errifa zozketa, Jose Aranan.

15:00 'Zuk ekarri zuk jan' bazkaria plazan.

19:00 VII. Txapel jaurtiketa txapelketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak