Debagoieneko Euskal Eskola Publikoak, jai berezi bat antolatuko du urriaren 20an Eskoriatzan, HEZI eta HAZI lelopean. Atzo egin zuten aurkezpena Eskoriatzako Luis Ezeiza Herri Eskolan, eta Debagoieneko Eskola Publikoa bultzatzea izango da ospakizun honen asmoa.
Hala adierazi du, Usoa Urbieta, Gipuzkoako Guraso Elkarteen Federazioko Koordinatzaileak: "Euskal Eskola publikoak urtero jai bat antolatzen du ekainaren lehen domekan. Aurten, jai hori Lekeition izango da, baina beharrezkoa ikusi dugu, Debagoienean, bereziki, Luis Ezeiza eskolari bultzada bat ematea".
Helburua, eskola publikoa indartzea
Debagoieneko hezkuntza publikoaren eskola komunitatea osatzen duten irakasle, ikasle eta gurasoek, Arrasate, Aretxabaleta, Antzuola, Elgeta, Eskoriatza, Bergara eta Oñatiko eskola publikoari, babesa eta aitortza emateaz gain, eskola publikoa indartu eta bultzatu behar dela aldarrikatu nahi dutela jai honetan adierazi zuten atzo Koldotxo Gurasko Elkarteko kideek.
Hori horrela, Rosa de Almeida, Koldotxo Guraso Elkarteko kideak adierazi zuen, gaur egun, matrikulazioak jaitsi egin direla, eta proiektu berriekin ari direla buru-belarri horri buelta emateko asmoz: "Duela urte askorekin alderatuz, asko jaitsi da matrikulazioa. Horregatik, eskola publikoa bultzatzeko asmoz, jai ederra antolatu dugu".
Urriaren 20an, egitarau ederra
Aurkezpenean, urriaren 20ko jaian parte-hartzeko deia egin zuten antolatzaileek; hainbat ekitaldi bikain izango direlako bertan, besteak beste: Zea Mays taldearen kontzertua, Bocabeats komedia taldekoen emanaldia, Potx eta Lots pailazoak…, besteak beste.