Aparkalekuaren irekiera, aurrera bidean

Imanol Beloki Unamuno 2018ko api. 26a, 20:20

Santa Ana eta Santa Marina arteko lursail horretako bi jabegorekin akordioa egin ostean, 40 auto ingururentzako aparkalekua, Jose Arana kaleko etxeen atzetik oinezkoentzako pasagunea, berdegunea eta erabilpen librerako gunea egingo dituzte.

Eskoriatzako apirileko osoko bilkuran hainbat gai izan zituzten hizpide, baina azpimarragarriena hauxe izan zen: Santa Marinan lurzatiak alokatzea ibilgailuentzako doako aparkaleku bezala eta espazio librerako erabiltzeko. EH Bildu eta Eskoriatza Irabazi alderdien abstentzioekin, Santa Ana eta Santa Marina artean aparkaleku berria egingo da.

Akordioa abiapuntu, hitzarmena sinatu eta obra lizitaziora irten ostean, uda bukaeran martxan izango dela adierazi zuen Joserra Zubizarreta alkateak: "40 aparkaleku inguru egongo dira, eta, hauek egitean, Arbiñosteko espaloian ezingo da aparkatu. Aparkalekua bermatzeaz gain, oinezkoen pasabide berria egingo da. Berdegunea eta aparkaleku zatia alokatu egingo dugu, 5.500 eurora ez da iritsiko. Eskerrak eman nahi dizkiet proiektu hau garatzeko aukera eman digutenei". Josu Ezkurdia Hirigintza eta Mugikortasun batzordeburuak adierazi zuen berri ona dela kontratua sinatzea: "Kostata, baina epe motzean aparkalekua zabalduko dugunez, berri pozgarria da. Bestalde, lehen alokatuta ez genituen bi partzela ere alokatuko ditugu, eta erabilpen librerako parketxo bat jarriko dugu. Azkenik, aipatu beharra dago alokairuaren prezioa lehen geneukanaren antzekoa izango dela".

Oposizioaren abstentzioa

EH Bilduko bozeramaile Aitor Zubizarretak abstentzioaren arrazoiak eman zituen: "Prozedurarekin zalantzak ditugu; jabe guztiekin ez da hitz egin, eta interesgarria litzateke. Posible izan da batzuekin akordioa egitea, eta pozten gara alde horretatik, baina zergatik ez guztiekin, eta, azkenik, sendotasun juridikoa badu?". Horren harira, Ezkurdiak adierazi zuen prozedura egokia erabili dutela, negoziazioari dagokionez, negoziatu nahi dutenekin negoziatzen dutela, eta berme juridikoa ere badutela gaineratu zuen. Irabaziko Rafa Bernal bozeramaileak, bestalde, gaia oso garbi ez duela ikusten adierazi zuen, eta horregatik abstenitu zela.

Jose Aranako zirkulazioa

Lete eta Sorautzen arteko lanengatik, plaza aurreko errepidea autobusentzat eta kamioientzat ireki dute, bi noranzkoetara, eta autoek bide hori ez erabiltzeko dei egin dute. Izan ere, autoak goranzko edo beheranzko noranzkoetan joaten dira, eta dagoeneko neurriak hartzen ari direla adierazi zuen alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak