Manuel Muñoz kiroldegiko arduradunendako erabiltzaileen iritzia oso garrantzitsua da; hala, horien asebetetze maila jakin gura dute eta hobetu beharrekoak zeintzuk diren argitu. Aurreko urteetan egindako moduan, 2018ari begira ere, erabiltzaileei galdetegi bat betetzeko eskaera egin die Eskoriatzako Udalak.
Galdetegia bost puntutan sailkatuta dago, eta kiroldegiko sarreran har daiteke bete beharreko txantiloia; behin beteta, han bertan dagoen ontzian utzi beharko da.
Iradokizunak eta kexak
Kiroldegiko erabiltzaileak honako datuak bete beharko ditu inkestari hasiera emateko: gizonezkoa ala emakumezkoa den, adina, kiroldegiaren erabilpen maiztasuna, erabilpen ordutegia, ikastaroetan parte-hartzea… Eta horrekin batera, bost puntutan sailkatuta dagoen galdeketa bete beharko du; hala, kexak, iradokizunak, hobetzekoak edo kentzekoak adierazteko aukera izango du. Honako hauek izango dira bete beharreko bost puntuak: ordutegia, instalazioak, ekipamendua, ikastaroak, arreta eta bestelakoak.
Inkesta motz eta zehatzagoa
"Iazko eskaeretatik garrantzitsuenak egin genituen, baina parte-hartzea ez zen oso handia izan. Inkesta mota ez zen ohikoa, galdera asko zeuden… Aurten, inkesta motzagoa eta zehatzagoa prestatuta, erabiltzaile gehiagok erantzutea nahiko genuke; izan ere, 1.000 erabiltzailetik gora daude eta 200 inguruk behintzat parte har dezaten nahiko genuke", adierazi du Josu Ezkurdiak, Udaleko Hirigintza eta Mugikortasun batzordeburuak.
2017ko asebetetze inkesta
Iaz, 61 erabiltzailek hartu zuten parte galdeketan; 36 emakumek, eta 25 gizonezkok. Kopuru handia izan ez arren, balorazio orokorrei dagokienez, emaitza onak izan zituen kiroldegiak erabiltzaileen partetik. %20ak balorazio oso ona egin zuen, %52ak ona, %21ak egokia, %5ak okerra, eta %2ak oso txarra. Hala, datu aipagarrienak jaso eta honako hauek dira ordutik egin dituztenak: goiko aldeko gimnasioa itxi eta egokitu; makina berriak erosi eta hondatutako ekipamenduak konpondu; takilak konpondu; eta instalazioen mantenua hobetu.
Eskatutakoen artean oraindik egiteke geratu dira hainbat; honako hauek: aldagelen erosotasuna hobetu; dutxaren tenperatura egokitu eta hobetu; eta instalazioen erabilpen arauak egokitu eta betearazi.