Gabez Takarraran, Euskal Herrikoan puntuagarri

Imanol Beloki Unamuno 2018ko ots. 15a, 14:29

Aurtengo Gabez Takarraran Eskoriatzako gaueko mendi lasterketa berrikuntzekin dator. Batetik, Euskal Herriko koparako puntuagarria izango da, eta, ibilbide bereko probaz gainera, oinez joan nahi dutenentzako ibilaldia egingo dute.

Gabez Takarraran gaueko mendi lasterketaren zortzigarren edizioa ekainaren 9an izango da aurten, eta berrikuntzekin beteta dator.

Euskal Herriko txapelketarako puntuagarria izango da, eta, horrekin, parte-hartzea handitu egin nahi dute antolatzaileek. Honela adierazi du Garbiñe Uribek, Kirol Elkarteko kideak: "Iaz, 80 parte-hartzaile izan ziren soilik, normalean 120 inguru izan ohi direnean, eta, ekimena indartze aldera, Euskal Herrikoan puntuagarri izatea eskatu dugu. Hala, parte-hartze kopurua 300era iristea, behintzat, da gure asmoa".

Ibilbide bera izango da

Urteroko ezaugarriak izango ditu: 23:00etan hasiko da, eta 1.200 metroko desnibel positiboa eta 1.200 metroko desnibel negatiboa izango du. 18 urtetik beherako kategoriakoek bederatzi kilometroko bidea egin beharko dute itzulia amaitzeko eta 18 urtetik gorakoek, berriz, 23,2 kilometrokoa.

Lasterketaz gain, ibilaldia

Aurten, ibilaldia egiteko aukera ere jarri dute antolatzaileek. Hala, oinezkoek aukera izango dute Eskoriatzako inguruneaz, gauez, gozatzeko. Oinez egin gura dutenak 21:00etan hasiko dira, eta helduen ibilbide bera egingo dute. 18 urte azpikoetan, berriz, ez da martxarik egingo. Horrekin batera, apustua ere egingo da aurten. Iaz, Lexargaratera azkarren nor igoko zen asmatu behar zen, baina aurten, adosteko dute zein izango den erronka.

Izen-ematea datorren astean irekiko dela adierazi dute antolatzaileek, eta, prestaketa lanak aurreratzeko asmoz, lehenbailehen egiteko eskatu dute. Federatu gabe daudenek 25 euro ordaindu beharko dituzte eta federatuek, aldiz, 15 euro.

Puntaik Punta barruan

Ekainaren 15etik 17ra ospatuko da Puntaik Punta Aretxabaletan, eta aurtengo Gabez Takarraran egitarauan sartzea erabaki dute, kirol ekintza moduan.

Domeka honetan Antzuolako 8 Miliak

Eskoriatzako lasterketako berrikuntzez gain, Antzuolako 8 Miliak lasterketa izango da domeka honetan. Orain arteko ibilbide bera eta ia 13 kilometro izango ditu 10:30etan hasiko den lasterketak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak