Urte berean jaiotakoak elkartzeko ekimena, Kinttaden Eguna

Imanol Beloki Unamuno 2018ko urt. 31a, 16:30

Aurtengo kintoak –Santa Ageda neska-mutilak– 2000n jaiotakoak dira, eta otsailaren 5ean eta 11n dantzak egingo dituzte Fernando Eskoriatza plazan. Horiekin bat egiteko, eta motorrak berotzen joateko, eskoriatzarrek bat egingo dute eurekin, herritarrentzat galdu ezinezko hitzordu garrantzitsuan, Kinttaden Egunean, hain zuzen ere; zapatuan ospatuko da.

Ekimenak zazpi urte beteko ditu

Kinttaden Eguna orain dela zazpi urte hasi ziren ospatzen, Eingeinke elkarteak sustatuta. Hain zuzen, urte berean jaiotakoak elkartzeko eguna izaten da, eta herriko elkarteetan eta tabernetan bazkaria izaten dute.

Eguna goizeko poteoarekin hasiko dute, eta urte berean jaiotakoek bazkaltzeko erreserba egin duten lekuan bapo jan ostean, parranda egiteko aprobetxatuko dute. Egitasmoak hainbat helburu ditu; hasiera batean, Santa Ageda neska-mutilak parrandan irteten zirenerako, herria girotzeko antolatzen zuten, baina gaur egun, urte berekoek lagunartean batu eta egun ederra pasatzeko aitzakiarekin antolatzen dute. Urtezurte gainera, kintada kopurua hazten joan da, eta bazkaria egitetik afaria egitera pasa direnak ere badaude; eta alderantziz. Urtero, gainera, bazkaltzeko lekua topatzea ez da lan samurra izaten, eta askok aurreko urtetik egiten dute erreserba, eguna heltzen denean sorpresarik ez izateko.

Kintaden bereizgarriak

Egitasmoa hasi zenetik hona, kintada batzuek bereizgarriren bat eraman izan dute egun horretan. Batzuk jaiotza urtea idatzita eraman izan dute, lepotik zintzilik, zapietan; beste batzuek egunerako kamisetak egin izan dituzte, kapelak…. Lehen urteetan, Eingeinke izan zen egitasmoaren antolatzailea, baina gaur egun, antolatzaile barik, kintada bakoitza bere bazkariaz arduratzen da. Dena den, Eingeinke elkarteak bereizgarriak eramatera animatu nahi ditu herritarrak. Egunean ez da bestelakorik antolatzen, nahiz eta hainbat urtetan kintada ezberdinetako jendea Fernando Eskoriatza plazan batu izan den Santa Ageda neska-mutilen dantzak egiteko asmoz.

Santa-eskean baserriz baserri

Domekan, Santa Ageda bezperan, aurten 18 urte beteko dituzten gazteek herriko baserriak bisitatuko dituzte. Baserritar jantzita, santa-eskean koplak kantatuz joango dira elizate guztietako baserrietara. 2000n jaiotako neska-mutilak baserriz baserri ibiliko dira.

Santa Ageda neska-mutilak, prest

Otsailaren 5ean, astelehena, eta otsailaren 11n, domeka, 2000n jaiotako neska-mutilek dantzak egingo dituzte Fernando Eskoriatza plazan. 19:00etan hasiko dira, elizako kanpaien errepikarekin batera, etxafuegoa bota ostean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak