Jose Aranako aldaketa atzera bota dute

Imanol Beloki Unamuno 2018ko urt. 24a, 17:11

Jose Aranako kalea ixten denean autobusak bertatik pasatzeko erabakia bertan behera geratu da. Urtarrileko osoko bilkuran, herritar talde batek eskaera egin zuen oinezkoentzat soilik izaten jarrai dezan; koexistentziako gune izateko erabakia baztertu egin dute.

Jose Arana kalea koexistentziako gune bilakatzeko Udal Gobernuaren erabakia atzera bota zuten martitzenean egin zen osoko bilkuran. Herritar talde bat proposamenaren aurka egiteko batu zen, eta, hainbat sinadura batzeaz gain, kontrako arrazoiak argudiatu zituen bilkura aretoan. Udal Gobernuak herritarren eskaera onartuta, adierazi zuen irtenbide posibleen bila jarraituko duela.

"Herritar asko kezka honekin zegoela ikusi dugu; beraz, bi egunean 267 sinadura batu ditugu, eta, plazan elkartu ostean, osoko bilkurara joan gara proposamenaren aurka egitera. Poztekoa da, eta espero genuen atzera botako zela hartutako erabakia. Guretzat, oso arriskutsua da haurrendako koexistentziako bidea, eta ulertzen dugu Eskoriatzako mugikortasunean arazoak daudela, baina ez dugu ondo ikusten bidea irekitzea, autobusentzat bidea itxita dagoen ordutegietan, ezin diogulako umeari azaldu 'orain etorriko da autobusa', 'orain ez…", adierazi du Goretti Maturanak, herritar taldeko ordezkariak. Horrez gain, Jose Arana kaleko beste hainbat arazo azalarazi zituzten herritarrek, eta epe luzera begirako herriko mugikortasunaren ikerketa sakona egitea eskatu zuten, besteak beste.

Autobusekin arazoa

Santa Anako biribilgunean autobusekin sortzen diren arazoengatik egin nahi zen koexistentziako bidea Jose Aranan: autobusek biribilgunean buelta ematean, hainbat aldiz hautsi dituzte hesiak, Akeitako geltokian autobusak pilatzen dira eta buelta saihesbidetik egin behar dute, besteak beste.

Horri irtenbidea emateko, Udal Gobernuak aldaketa hau egin nahi zuen: arratsaldeetan ibilgailuentzat kalea ixten bada ere –oinezkoentzat izanik–, autobusak bertatik pasatuko zirela adierazten zen, eta urrutiko aginte bidez pibotea irekiko zutela autobus gidariek. Hala, erabakia atzera botata, hau adierazi zuen Joserra Zubizarreta alkateak: "Aztertu egingo dugu gaia eta irtenbide posibleak bilatuko ditugu".

Bilduk eta Irabazik, "sorpresaz"

Eskoriatza Irabazi alderdiko Rafa Bernal eta EH Bilduko Aitor Zubizarreta bozeramaileek adierazi zuten batzordeetan ez zela ezer erabaki, euren artean eztabaidatzeko utzi zutela, eta sorpresaz hartu zutela Jose Arana kalea koexistentziako bide bezala jartzearen Udal Gobernuaren erabakia.

Herritarrek irakurritako gutuna

"Aurreko astean Goienan jasotako berri batek gure kezka sortu zuen. Bertan zioenaren arabera, Jose Arana kalea autobusentzat ireki nahi da oinezkoentzako soilik den ordutegian, koexistentzia gune bilakatuz.

Hemen gaudenok ez gaude proposamen horrekin ados, hainbat arrazoiengatik, baina batez ere, haurrentzat arriskutsuegia dela iruditzen zaigulako. Jolasean dabiltzala maiz irteten dira haurrak errepideraino, izan baloiaren atzetik, harrapaketan bata bestearen atzetik, edo patinetearekin jolasten, adibide batzuk jartzearren. Eta horrelako momentu batean, haurrak korrika errepideraino irtetean, autobusak ez luke denborarik izango ezta erreakzionatzeko ere.

Goienako berrian jasotakoaren arabera, proba bezala hartu da erabaki hau, ikusteko ondo funtzionatzen duen edo ez, eta ondoren, behin betiko erabakia hartuko omen da. Noiz hartuko da behin betiko erabaki hori, istripuren bat gertatzen denean? Autobus batek gure haurren bat harrapatzen duenean? Ondo pentsatutako erabaki bat da hau? Gurasookin adibidez kontrastatutako erabaki bat da? Guregana jo izan du udalak ekimenen batean parte hartzea edo laguntza eskatuz, baina horrelako erabaki bat hartu nahi izan denean ez duzue guregana jo. Eta uste dugu badugula zer esan, gu baikara, beste herritar asko bezala, erdiguneko ohiko erabiltzaileak, orduak eta orduak bertan pasatzen ditugunak. Eta guk ikusten dugu nola ibiltzen diren gure haurrak erdigune honetan jolasten. Eta baita oinezkoentzako ordutegia ez den horretan ze abiaduratan ibiltzen diren bai kotxeak, baina baita autobusak ere, ze abiaduratan ibili behar den argi jartzen duen arren.

Errepidea ordu zehatz batzuetan itxi zenetik, askoz ere erdigune lasaiagoa daukagu, bai haurrak jolasean ibiltzeko eta baita edozein herritar bertatik ibiltzeko.

Beste herri asko eta askotan erdiguneak oinezkoentzako erabilera esklusibo bezala bilakatzen ari diren honetan, ez dugu ulertzen zergatik Eskoriatzan atzera pauso hau eman nahi den. Beraz, eskatu nahi duguna oso erreza da: Mesedez, ez ezazue oinezkoentzako ordutegi horretan autobusak pasatzeko aukera zabaldu. Bertan behera utzi erabaki hori.

Gure eskaera kontutan izan eta planteamendua berraztertuko duzuelakoan, eskerrik asko gure kezka entzutearren".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak