Lurraldebus zerbitzuak hainbat aldaketa izan ditu ordutegiari, lineen maiztasunari eta ibilbideei dagokienez. Hala, Eskoriatzan moldaketak izango dira; datozen asteetan gauzatuko dira.
Eskoriatzan, aurreko legealdian, Jose Arana kalea zirkulazioarentzako itxi egin zuten ordu jakin batzuetan, oinezkoek lehentasuna izan zezaten. Autobusak, handik pasatu beharrean, Santa Anako biribilgunean buelta ematen izan dira ordutik hona, eta, aldaketa horren eraginez, hainbat arazo izan dira. "Autoeskola aldera ematen duen espaloi zatian dagoen hesia hamabi aldiz hautsia izan da bi urtean, eta, batzuetan aseguruak ordaindu arren, beste hainbatetan Udalaren kargu geratu da konponketaren gastua. Bestalde, autobus batzuek maniobra bat baino gehiago egin behar izaten dute biribilgunean buelta emateko, eta atzeraka doazenean egiten duten zaratak ere herritarren kexak eragin ditu", adierazi du Josu Ezkurdiak, Mugikortasun eta Hirigintzako batzordeburuak.
Horrekin batera, linea zirkularren sinplifikazioa izan da bailaran, eta lehen Eskoriatzako estazio zaharrean zain geratzen ziren autobusak gaur egun Eskoriatzako Akeitako geltokian egoten dira. Hala, hainbat autobus batzen dira erdigunean, ordu jakin batzuetan, eta horrek zirkulazioan ere eragiten du. "Autobus zerbitzuen kontua, Diputazioaren konpetentzia da, uste dugu zerbitzu egokia egiten ari direla, baina Eskoriatzan hainbat aldaketa egin behar ditugula uste dugu; ea onerako diren".
Arana, koexistentziako gune
Autobusekin sortu diren kexak konpondu nahian, autobusak Jose Arana kaletik pasatzeko proposamena egin zion Gipuzkoako Diputazioak Eskoriatzako Udalari, eta, abenduan egindako Hirigintza eta Mugikortasun batzordetik pasa ondoren, aldaketa egitea erabaki dute. "Jose Arana kaleak itxita eta oinezkoentzat izaten jarraituko duen arren, autobusak ere bertatik pasako dira. Horretarako, urrutiko aginteak banatuko dizkiegu sei unitatetako autobus gidariei. Ikusiko dugu ea funtzionatzen duen; gero, ikusi beharko dugu koexistentziako gunea mantendu edo lehengo modura bueltatu".
Aldaketaren eraginak
Autobusak, goitik behera doanean, Jose Aranara heltzean, geratu egin beharko du, pibotea jaitsi arte, eta, poliki pasako dela bermatu arren, autobusek denbora pixka bat galduko dute aldaketa horrekin.