Aste honetan hasi dituzte bidegorriko lanak

Imanol Beloki Unamuno 2017ko urr. 25a, 17:54

Aingeru Guarda eta Kuatruena artekoak hasi dira. Bi zatitan banatuko dira Kuatruena herrira gerturatzeko lanak, eta, 143.000 euroko kostua izango duen obran, bidea asfaltatzeaz gain, LED motako argiteria publikoa jarriko dute.

Aingeru Guardako zubitik Kuatruena auzoko semafororaino, berritu eta egokitu egingo dute bidea, eta dagoeneko hasi dituzte lanak. Hala, bizikletan doazenentzako eta oinezkoentzako bidea behar bezala jarriko dute.

Astelehenean, Mazmela auzoko bidegurutzetik Kuatruenako etxeetara bitarteko lanak gauzatzeko itxi egin zuten bidea, eta oinezkoek ez dute bertatik pasatzeko aukerarik. Bestalde, Aingeru Guardatik Kuatruenara bitarteko bide osoan obrak egiteko, neurketak eta bestelako lanak ere egingo dituzte, eta, bertatik pasatzeko aukera dagoen arren, oinezkoei, kontuz ibiltzeko eta lanak ez oztopatzeko eskatu die Udalak.

Egingo dituzten lanak

Gipuzkoako Foru Aldundiaren 37.000 euroko diru laguntza jaso du Eskoriatzako Udalak Aingeru Guardatik Kuatruenara bitarteko bide zatia konpontzeko; lanen %26 da hori. 

Obraren funtsa da Kuatruenako urbanizazioa herrira gerturatzea da, eta 143.000 euro gastatuko ditu Eskoriatzako Udalak –BEZa barne– bidegorriaren proiektua gauzatzeko.

Bi zatitan banatuko dituzte bidegorrian egin behar dituzten lanak: alde batetik, Aingeru Guardatik Mazmela auzoko bidegurutzeraino egingo dituztenak; eta bestetik, bidegurutzetik Kuatruenaraino gauzatuko direnak. Azken horiek zailagoak izango dira; izan ere, obra gehiago egingo dituzte bide zati horretan, eta zailtasun handiagokoak izango dira, errepide ondoan dagoelako.

Guztira, 900 metroko bidea luzeran eta hiru metrokoa zabaleran asfaltatuko da eta LED motako argiteria publikoa jarriko dute.

Gainera, Aingeru Guardan, bidegorria hasten den lekuan, aire zabalean ariketa fisikoak egiteko aparatuak jarriko dituzte belardian, bidegorrira doazenentzat.

Hamar astean amaitzeko asmoz

Aste honetan hasitako lanek hamar aste inguru iraungo dutela aurreikusten du Udalak, eta, hain zuzen, egunero bertatik pasatzen direnei pazientzia eskatu nahi die.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak