Garun Paralisiaren Nazioarteko Egunean, sozialki aniztasun funtzionala duten pertsonek, sozietateak jartzen dizkien oztopo horiek gainditzen joateko modu gisa, festa eginaz ospatzen dute Eskoriatzan eguna. Honela azaldu du Lorea Ugartek, Tximeleta Gelako irakasleak: "Jaialdi honen helburua da sozietateak, eta gure kasuan, eskolako komunitateak, eurak ezagutzea, eta oztopoak gainditzea. Aurtengo leloa Ausartzen zara ni ezagutzera? da, eta aukera polita zela pentsatu genuen Arrasateko eta Bergarako Aspaceko Eguneko Zentroko gunekoei guregana etortzeko gonbidapena egitea eta ikasle eta irakasleak beraiek ezagutzen ausartzea. Hala, elkar ezagutzeko aukera izan dugu, eta talde argazkia atera dugu amaitzeko, Gu ausartu gara leloarekin".
Elkar ezagutuz
Luis Ezeizako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lehenengo mailako haurrak Tximeleta Gela ezagutzen izan ziren eta Lehen Hezkuntzakoek, berriz, Aspacetik bisitan joandako helduak ezagutzeko aukera izan zuten.
Aspacekoek euren bizi esperientzia kontatu zieten eskolako haur eta irakasleei, eta ondoren, taldeetan banatuta, haurrek hainbat galdera egin zizkieten, bizitzan aurki ditzaketen oztopoen gainean.
Esperientzia aberasgarria
Arrasateko Aspacetik Asier Arenaza, Gorka Olañeta, Johana Gonzalez, Mario Fuentes, Aimar Gorostola eta Maider Larrañaga erabiltzaileak eta Patricia Campos eta Maite Otxoa hezitzaileak izan ziren. Bergaratik, berriz, Amaia Nuñez, Ivan Torres eta Joseba Agirrezabal eta Nerea Ormazabal eta Mariate Guridi hezitzaileak. "Esperientzia aberasgarria" izan zela adierazi zuen Mariate Guridik, Aspaceko hezitzaileak, eta guztiak "gustura" izan zirela.