Merkataritza Mahaia abian da

Imanol Beloki Unamuno 2017ko urr. 6a, 09:23

Tokiko merkataritzaren egoera zein zen jakiteko, Eskoriatzako merkataritza indarberritzeko plan berezia (PERCO) egitea onartu zuen Udalak 2016an. Diagnosia eta ekintza plana egin zituen Ikertalde enpresak, eta bertan jasotakoa merkatari eta ostalariei azaldu zitzaien bilera batean. PERCOn proposatutako ekintzen artean, besteak beste, Merkataritza Mahaia eratzea zegoen.

Gauzak horrela, Udal Gobernua osatzen duten alderdi politiko guztiek tokiko merkataritzaren eta ostalaritzaren inguruan duten kezka agerian utzi, eta egoera horren aurrean guztien arteko elkarlana beharrezkoa dela adierazi dute. Ekonomia garapeneko batzordean alderdi politiko guztiek parte hartzen dute –EAJ, EH Bildu, Elizateak eta Irabazi–, eta bertan, aho batez onartu zen Merkataritza Mahaia sortzea urrats garrantzitsua dela.

Irailaren 11n lehen bilera

Mahaia eratzeko proposamena aurkezteko bilerak egin ziren herriko hainbat merkatari eta ostalarirekin, eta haiek begi onez ikusi zuten mahaia sortzea. Horrenbestez, martxan da Merkataritza Mahaia, eta dagoeneko hiru astelehenetan batu dira gai horretan sakontzeko. Lehenengo bilera irailaren 11n egin zuten, eta bertara herriko hainbat merkatari eta ostalari joan ziren, baita alderdi politikoetako zinegotziak ere. Dinamika saio bat egin zen eta Eskoriatzako merkataritza indarberritzeko proposamenak egitea eskatu zitzaien merkatariei eta ostalariei, eta ondoren, proposamen horiek sailkatu egin zituzten, gustukoenetik hasita.

Gauzatuko dituzten bi ekintzak

Irailaren 18an, aurreko bileran egindako sailkapena aztertu eta boto gehien jaso zituzten proposamenen artean bi aukeratu ziren 2017an egiteko: herriko establezimendu guztiak jasoko dituen mapa egitea eta erakusleiho lehiaketa, Gabonetan gauzatuko dena. Beste bilera batean, hirugarrenean, irailaren 25ean egindakoan, aipatutako ekintzak gehiago landu ziren: maparen itxura eta edukia landu ziren, eta erakusleiho lehiaketako oinarriak erabaki. Prozesu osoan herriko hamaika merkatari eta ostalarik parte hartu dute. Merkataritza Mahaia berriz ere bilduko da aukeratutako proposamenen jarraipena egiteko, eta urtarrilean beste bilera bat egingo da, 2018. urteko plangintza zehazteko.

Deia herriko merkatari guztiei

Merkataritza Mahaiak gogorarazi nahi du ezinbestekoa dela herriko merkatari eta ostalari guztiek bertan parte hartzea, mahaia irekia dela eta edozein merkatarik edo ostalarik parte hartu dezakeela. Gainera, Ekonomia Garapeneko batzorderako positiboa da Merkataritza Mahaia egiten ari den lana, eta merkataritza biziberritzeko ematen ari diren pausoak sendoak eta adostuak direla deritzo.

Epe luzerako proiektua

Axtroki Merkatari Elkarteko lehendakari Leire Errastik adierazi du Merkataritza Mahaiaren proiektua ederra dela herria biziberritzeko, eta parte-hartzea ezinbestekoa dela: "Udalak martxan jarri duen ekimen hau oso onuragarria da herriko merkatariendako, baita herritarrendako ere. Gainera, Udaleko alderdi guztiak daude bertan, Axtroki Merkatari Elkartea osatzen dugun merkatari batzuk, eta elkartetik kanpo dauden beste hainbat merkatari. Hiru bileretan jende asko batu gara, baina hurrengo bilerara herriko merkatari guztiak etortzea ezinbestekoa dela uste dut. Izan ere, epe luzerako proiektua da, eta lan-saioetan herriko merkatari guztiak batzen bagara, ideia gehiago jarri ahal izango ditugu mahai gainean".

Diru-laguntzak eskatzeko epea zabalik

Merkatariei zuzendutako bi diru-laguntza ere eskaintzen ditu Udalak. Bata, negozio berri bat erosi edo alokatzen duenarentzat. Alokairuaren %30eko laguntza eskatu ahal izango du eskatzaileak lehenengo urterako, gehienez 200 eurokoa izango dena. Bigarren urtean, alokairu kostuan %20a jaso ahal izango du, gehienez 100 euro. Eta erostean, katastroaren %2a eskatu ahal izango du, gehienez 2.000 euro izango dena. Eskatzeko epea, berriz, abenduaren 31a izango da.

Bestalde, irudi korporatibo edo errotulendako ere diru-laguntzak eskainiko ditu Udalak. Hauek eskatzeko epea, abenduak 11a izango da, eta euskara hutsean izan behar dira. (Informazio gehiago, Eskoriatzako Udal webgunean edo Ibarraundin).

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak