2018ko ordenantza fiskalak onartu dituzte

Imanol Beloki Unamuno 2017ko ira. 27a, 13:19

Iraileko osoko bilkuran, 2018ko ordenantza fiskalak onartu dituzte, Uraren Euskal Agentziarekin hitzarmena sinatu dute eta, Kataluniaren egoeraz bat egiten duen mozioan aldaketa batzuk eginaz, onartua izan da alderdi guztien oniritziarekin.

Iraileko ohiko osoko bilkuran 2018rako ordenantza fiskalak onartu dituzte; hain zuzen ere, aldaketa tekniko batzuk egin dituzte iazkoekin alderatuz. Esate baterako, ur tasetan aldaketa batzuk egongo dira, urteroko igoerez gainera, eta, horregatik, tarifa berriak onartu behar izan zituzten martitzeneko bilkuran. Familia handia dutenek tarifa bat izango dute, arazo baten ondorioz ura neurrigabe gastatu dutenek beste bat, kasuz kasu aztertuko direnak, eta kontsumo oso kapritxosoa dutenak zigortuak izango direla adierazi zuten, besteak beste.

Uraren Euskal Agentziarekin hitzarmena sinatzea izan zen adostu zuten beste gai bat. Eta, horrekin batera, lan poltsa bat sortzea ere proposatu zuen alkateak. "Hitzarmena egin beharra zegoen. Urak Euskal Agentziakoek bere kabuz, aldiro egiten dute tratamendua udalerriko erreketan, baina udaletxea ere ahalbidetu nahi dugu errekak garbiago egoteko, tratamendu zehatz bat eginaz. Aukera bat ikusten dugu prekarietatean poltsatik denboraldi baterako lana ere bideratzeko", adierazi zuen Joserra Zubizarretak, Eskoriatzako alkateak.

Kataluniari elkartasuna

Kataluniari elkartasuna adierazteko mozioa ere onartu zuten. Legebiltzarrean onartutako testuarekin bat egin bazuten ere, testuari bi aldaketa egin zizkioten: Udalak bat egiten duela Kataluniak erabakitzen duenaz, batetik, eta udaletxeko balkoian estelada jartzea, datorren martitzenera arte, bestetik. "Bat egiten dugu Kataluniarekin, ez dugu onartzen estatu espainola erabiltzen ari den mehatxu eta joko zikin hori eta euren egoeraz bat egiten dugu…".

Onartutako mozioa

1. Eskoriatzako udalak kezka adierazi eta baztertu egiten du egitateen bidez Kataluniako autonomian esku hartzeagatik, eta Estatuko segurtasun indar eta kidegoek egindako operazio polizialagatik, zeinaren bidez erregistroak eta atxiloketak egin baitiren Generalitateko instalazioetan bere arduradun legitimoei.

2. Eskoriatza udalak Espainiako Gobernuari eskatzen dio bertan behera utz dezala oinarrizko eta funtsezko askatasunen errepresio-estrategia, demokraziaren oinarrizko printzipioen aurkakoa.

3. Eskoriatzako udalak berretsi egiten du funtsezko printzipio demokratiko guztiekiko konpromisoa, eta elkartasuna adierazten die Catalunya-ko herriari, eta baita demokraziaren aurkako errepresio politikoa – Espainiako Gobernuak gidatutakoa- pairatzen diharduten pertsona eta erakunde guztiei.

4. Eskoriatzako udalak dei egiten du Kataluniako herriaren asmo demokratikoaren adierazpena ahalbideratzea eta erabakiak errespetatzera.

5. Eskoriatzako Udalak bat egiten du Katalunian hartzen duten erabakiarekin.

6. Udaleko balkoian estelada jartzea urriak 2 arte.

2018ko aurrekontuak prest

Galde-eskeen atalean, 2018ko aurrekontuak izan zituzten hizpide. Aitor Zubizarreta EH Bilduko bozeramaileak horien inguruan galdetu zuen, eta Josu Ezkurdia EAJko zinegotziak adierazi zuen egubakoitz honetarako proposamena amaituta izango dutela. Zenbakiez gain, planteamendu estrategiko sakonagoa adieraziko dutela gaineratu zuen.

Esteladarekin talde argazkia aterata amaitu zuten iraileko osoko bilkura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak