Lexargaratera erronka egingo da edizio honetan

Imanol Beloki Unamuno 2017ko eka. 1a, 12:11

Gabez Takarraran, Eskoriatzako gaueko mendi lasterketa, ekainaren 10ean izango da, eta maiatzaren 4tik aukera dago izena emateko, kirolprobak webgunean. Hala ere, ekainaren 9ra arte egongo da aukera izena emateko, eta egunean bertan ere eman ahal izango da, bost euro gehiago ordainduz.

Lasterketa berezia da, Euskal Herrian egiten den lehenengo gaueko lasterketa, ondoren beste hainbat herritara zabaldu dena. Aurten, berrikuntzak ere jarri dituzte, lasterketa hobetze aldera.

Berrikuntzak

Orain arte eguzki izpiekin kargatzen diren lanparak erabili izan dituzte bidea argiztatzeko, eta aurten, hauez gain, barratxoak ere erabiliko dituzte. Honela azaldu du Iñaki Uribetxeberriak, Gabez Takarraranen antolaketa taldeko kideak: "Lainoarekin korrikalariak ez galtzeko bide argitu behar da, eta aurten, lanparez gain, barratxo fluoreszenteak erabiliko ditugu, bidean 50 metrora."

Lexargaratera azkarren

Urtero egin izan da Herriko Plazatik Atxorrotxera zein azkarren igoko apustua; aurten, aldiz, Lexargaratera azkarren zein igo neurtuko da, plazatik bertarako sei kilometroko bidea neurtuz; bideak 700 metroko desnibela du. Herritar azkarrenaren denbora asmatuz gero, urdaiazpikoa jasoko dute opari gisa.

Urteroko ezaugarriak

23:00etan hasiko da lasterketa, eta 1.200 metroko desnibel positiboa eta 1.200 metroko desnibel negatiboa izango du lasterketak. 18 urtetik beherako kategoriakoek bederatzi kilometroko bidea egin beharko dute; 18 urtetik gorakoek, berriz, 23 kilometrokoa, eta betiko ibilbide bera egingo da.

Korrikalari berrien bila

Urtero, Eskoriatzako zein bailarako aurpegi ezagunak izaten dira lasterketan. Eta bidea ezagutzea gomendatzen du antolakuntza taldeak. Hala ere, lasterketa zabaldu gura dute antolatzaileek, eta inoiz parte hartu ez dutenei ere dei egiten diete parte hartzeko. "Ia edizio guztietan jende berberak hartzen du parte lasterketan, eta aurpegi berriak izatea ere nahiko genuke".

Antolakuntzak parte hartu nahi dutenei lehenbailehen izena emateko dei egin nahi die, prestaketa lanak hobeto egiteko eta azken orduko sorpresarik ez izateko. Informazio gehiago: eskoriatzagabeztakarraran.com helbidean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak