Eskarmentu dezente gehiagoko lehiakideei nagusitu zitzaien Aretxabaletako Lekaixoka bertso-eskolan trebatzen ari den Arana. Saio hasierako agur bertsoan, “inoiz baino hobeto nahi dut egin hegan” kantatu zuen, eta esana egi bihurtu zen. Oso urduri hasi zela esan du txapeldun berriak eta ez zuela espero hain ondo ibiltzea.
Txapela, orain hilabete gutxi hildako Juan Mari osabari eskaini zion, eta baita Haizea ahizpa bikiari ere.
Hamazazpi urteko Urko Arregi oñatiarrak ere hartu zuen parte atzoko finalean, baina ezin izan da Euskal Herrikora sailkatu.
Atzoko finaleko bigarren sailkatua, Jokin Irastortza, Oiartzungo bertso-eskolako ikaslea izan zen. Eta Aranarekin batera parte hartuko du Euskal Herriko finalean, Sarako herrian, ekainaren 10ean.