Jose Arana gunean hamasei aste dituztenetatik sei urte bitarteko Haur Hezkuntzako 115 haur daude gaur egun, eta guztiek erabiltzen dituzten guneetan aldaketak izan dira. Lanak egiteko arrazoia, funtsean, eraikinaren arkitektura pedagogiaren zerbitzura jartzea izan da; espazio zabalagoa jarrita, umeen beharrak hobeto errespetatuko diren asmoarekin. Honela azaldu du Amaia Arrietak, Jose Arana guneko arduradunak: "Guztiz eraberritu dugu Jose Arana eraikina. Gure proiektu pedagogikoarekin bat egiten duen eredu arkitektonikoa ezarri gura nahi izan dugu, eta helburua lortu dugula uste dut. Eraikinak berak ezaugarri berezi batzuk ditu, beste eraikin batek ez dituena, eta eraikinaren sustraiak guk nahi genuenera uztartzen ahalegindu gara…". [Hemen argazkiak].
Umeen beharren alde
Guneak beirateekin banandu dituzte, hala adin askotariko haurren arteko interkomunikazioa bermatzeko eta umeek libreki aukeratu dezaten non eta norekin egon nahi duten.
Deskantsu eta aktibitate momentuak errespetatzeko, imaginarium eta lasaitasunerako txokoak jarri dituzte, beste hainbat jokoz eta jolasez gainera. "Umeen aurpegietan ikusten da aldaketa onerako izan dela. Umeak lasaiago daude espazio zabalean jolasean, eta nabari da gusturago daudela egin ditugun gune berriekin. Espazio zabalagoa izanda, jolaserako askatasun handiagoa dute, eta, lanek asko iraun duten arren, merezi izan du itxarotea", azaldu du Amaia Arrietak.
Zailtasunez betetako lanak
Jose Arana eraikina ondare kulturala da, eta XIX. mende hasierako margoak ditu. Hori horrela, kontuz ibili dira lanak aurrera eraman dituzten langileak. "Lanak hasi aurretik, bi urteko negoziaketak izan ditugu, batez ere, Aldundiarekin, etxean dauden pinturengatik; izan ere, munduan halako bost bakarrik daude, eta, izugarrizko balioa dutenez, hori guztia ondo zaintzea helburu nagusietako bat zen, eta eraikinak bere balioa ez galtzea. Uste dut eraikinak izugarri irabazi duela aldaketarekin…".
Herritarrei zabalik
Urtarrilean herritarrendako eta gurasoendako bisitak egin dituzte: "Eskoriatzar asko aspaldi sartu barik zeuden eraikinera, eta harrera bikaina izan dugu, jendeari asko gustatu zaio aldaketa".