Zapatu eta domekan soilik irten beharrean, lau egunera luzatzea erabaki dute aurten ospakizuna Eskoriatzako kintoek. Hau adierazi du Lander Mediavillak, kintoetako batek: "Lehenago hastea erabaki dugu, aste bukaera bakarrik gutxi iruditzen zitzaigun eta… Guztira, 33 kinto gara aurten Eskoriatzan, eta festarako gogotsu gaude guztiok".
Baserriz baserri, kantu-eskean
Gaur herritik ibili ostean, egubakoitzean, komertzio eta ikastetxeetara eta hainbat baserritara joango dira kantu-eskean. "Ondo ikasi ditugu kantuak, eta biharko plana ikastetxeak, komertzioak eta baserriak egitea da. Ikastetxeetara denok batera joateko asmoa dugu; baserrietara joateko, aldiz, bi taldetan banatuko gara. Batzuk Bolibar auzo aldera joango dira baserriz baserri kantu-eskean, eta beste batzuk, Apotzaga aldera. Arratsaldean, berriz, denok batuko gara eta Gatzaga aldera joango gara".
Zapatuan, Santa Ageda bezpera da, eta egun horretan, geratzen zaizkien baserrietara joango dira kantu-eskean, eta geratzen zaizkienak amaitzea izango dute helburu, ondoren, lehenbailehen herrira jaitsi, eta Kinttaden Eguna aprobetxatzeko.
Dantzak, domekan, 19:00etan
Domeka goizean herrian ibiliko dira kantu-eskean, eta arratsaldean, berriz, hainbat astez entseatu dituzten dantzak egitera irtengo dira Herriko Plazara. 19:00etan izango dira, baina aurretik, ohiturari jarraituz, Jose Arana zaharren egoitzatik pasako dira, egoiliarrei dantza egiteko.
Datorren domekan kintoek azken hitzordua izango dute; izan ere, berriz egingo dituzte dantzak plazan, ordu berean.