Adostasuna adierazi zuten alderdi guztiek gai horren inguruan. Izan ere, erabaki horren helburua herritarrak parte-hartzaile aktiboagoak izatea da. Honela azaldu zuen Joserra Zubizarreta alkateak: "Herritarren partaidetza bideratzea eta bultzatzea ezinbestekotzat jotzen da. Horretarako, gune bat sortu nahi da, eta gune horretara Gipuzkoako udal bakoitzak atxikitu behar du, baliabide batzuk jarriz, hori gero herri mailan bultzatzeko. Esperientzia txikiak batuz, aztertuz, ikusi zeintzuk diren baliagarriak, zeintzuk ez…".
'Zarata mapa' eskaera
Galde-eskeetan, Nestor Arana Bilduko zinegotziak, Rafa Bernal Irabaziko zinegotziarekin batera, herriko zarata mapa bat egitea proposatu zuen. Arauak dauden edo ez galdetuz, hauek aztertzeko edo ezartzeko asmoz, herriak duen egoera zein den ikusteko. Horren harira, ordenantza bat egiteko kontsulta bat egin behar dela adierazi zuen idazkariak, eta EAJk Hirigintza batzordean aztertzen hasiko direla adierazi zuen.
Eskaera horretaz gain, Herri Eskolatik garraio iraunkor baten alde bideratutako patineteen aparkalekuen proposamena ere atera zuen mahai gainera, eta Udal Gobernuak adierazi zuen aztertuta dutela gaia eta proposamena gauzatzea bakarrik falta dela.
Hondakinen informazio bulegoa
Otsailaren 1etik aurrera, hondakinen informazio bulegoa udaletxean izango dela aipatu zuten. Egun horretatik aurrera, beraz, herritarrek udaletxera joan beharko dute, Ibarraundira beharrean.
Mazmelako auzo-alkatea: Iñaki Zurutuza