Eskoriatzako kintoak motorrak berotzen ari dira

1999an jaiotako kintoak Santa Ageda eguna heltzeko zain daude, eta dagoeneko prestatzen hasi dira plazan egingo dituzten dantzak: aurreskua, banakoa, fandangoa eta arin-arina. Horretarako, astean bi aldiz entseguak egiten ari dira kultura etxean, plazara irtetean bikain egiteko.

Santa Ageda eguna otsailaren 5ean da, domeka, eta egunean bertan 19:00etan plazan egingo dituzte dantzak, baina aurretik zaharren egoitzatik ere pasako dira, ohiturari jarraituz, egoiliarrei ere dantzak egiteko. Batzuk hobeto, beste batzuk traketsago, hala ari direla adierazi du Ane Arrietak, aurten kinto izango denak: "Nik txikitan dantza egin nuen eta badakizkit. Batzuei pixka bat gehiago kostatu arren, seguru, ondo ikasiko dugula guztiok. Oraingoz, banakoa egiten ondo ikasi dugu; fandangoa eta arin-arina, aldiz…". Otsailaren 5ean dantzak egin ostean, 12an ere berriz egingo dituzte, Herriko Plazan, 19:00etan.

Otsailaren 2tik 5era bitartean

Eguen arratsaldean hasiko dira kintoak kantu-eskean, pintxo-potea dela aprobetxatuta. Egubakoitzean, baserriz baserri, ikastetxeetan-eta ibiliko dira. Zapatuan, Kinttada Egunean, kalean zehar, eta domekan, dantzak egingo dituzte herrian zehar ibili ondoren.

Gogotsu daudela adierazi dute aurtengo kintoek, eta Kinttaden Egunak sortzen duen giroak festa hobetzen lagunduko duela azpimarratu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.