Hori horrela, lehentasuna izango dute Antsoategiko biribilgunetik datozen autoek, eta ez Zaldibar aparkalekutik datozenek. Bestalde, espaloia zabaltzen ari dira Pagaldai harategiko aldean, eta egokitu ere egingo dute, errepideari zati bat kenduz. Hauek dira Santa Ana auzoan, egiten ari diren lanak, eta datorren asterako amaituta egotea aurreikusten dute Udaletik. Josu Ezkurdia Hirigintza eta Mugikortasuneko batzordeburuak adierazi duenez, "Lanen aurrekontua, 16.000 eurokoa izango da, eta lan hauek egitearen arrazoia, oinezkoen mugikortasunari lehentasuna ematea izan da, besteak beste".
2016ko azaroan onartu zen lan obra egitea, eta azaroan hasi behar baziren ere, atzerapenak izan dira epeekin, eta aurreko hastean hasi zituzten lanak Bergarako Artzamendi enpresakoek.
Arbiñosteko bidegurutzea
Bestalde, Aranburuzabala eta Arbiñosteko bidegurutzean ere lanak egiten ari dira. Bere garaian etxeak egin behar zituzten bertan, baina bertan behera geratu ziren. "Han joango ziren etxeekin batera, espaloia egin behar zen, baina ez direnez etxeak eraiki, egoera larria zegoen bidegurutzean. Hala, eremu hori behar den moduan geratzeko eskatu genuen, eta obra Udalak egin beharrean, promotoreak gauzatuko du".