Silbestradie mozorrotuta egitera bultzatu gura dute aurten

Imanol Beloki Unamuno 2016ko abe. 15a, 12:30

Aurten ere ospatuko dute Eskoriatzan San Silvestre eguna.  Eskoriatzako Udalak eta Kirol Elkarteak antolatuta, IX. Silbestradie egingo da, VI. Manuel Muñoz Milia sariarekin batera. Martizenean, egitaraua aurkezteko, osoko bilkuren aretoan batu ziren Kirol Elkartekoak, udal ordezkariak eta norbanakoak.

Goizean, haurren txanda izango da; 10:30ean, dortsalen margoketa eta haurren lasterketarako izen ematea egingo da. 12:00etan, hamar urtetik beherakoen lasterketa hasiko da eta ostean, 12:30ean, txistor-jana egingo dute. Arratsaldean, berriz, 17:25ean, brindisa egingo da, eta 17:30ean hasiko da lasterketa. 18:00etan, Herriko Plazan jarriko den luntxarekin amaituko dute.

Helduen lasterketan, partaide guztiek lau kilometro batera egingo dituzte, eta, milia bat geratzen denean, Manuel Muñoz Milia jokatuko da. Hau da, milia bat geratzen denean –kilometro eta 600 metro– hasiko da norgehiagoka. Azkarrenak saria jasoko du, baina lehiatzea hautazkoa izango da.

Jai giroa bultzatzeko

Iñaki Uribetxeberria antolaketa taldeko kideak hau adierazi du: "Helburua jai giroa sustatzea da. Lasterketa hau antzinako ohitura da, Brasildik datorrena. Han ere antortxekin korrika egiten zuten, jai giroan… eta guk berdin egin nahi dugu Eskoriatzan. Horregatik, mozorrotuta etortzera bultzatu nahi ditugu herritarrak, kirola eginez urtea bukatzeko, baina, betiere, umorez…".

Gaineratu du auzo ezberdinetako herritarrak kalera eta parte hartzera animatu nahi dituztela: "Iazko ibilbide aldaketarekin, herri guztira zabaltzen da lasterketa, eta parte-hartzea ere ona izaten da".

Udalaren babesarekin

Maite Zubia izan zen egitarauaren aurkezpenean udal ordezkari gisa. Antolakuntza taldeari eskerrak eman zizkien eta egiten duten lana goraipatu zuen. "Sekulako lana dauka egun hau antolatzeak, eta antolaketa taldeari eskerrak eman beharrean gaude. Geroz eta jende gehiagok hartzen du parte ekimen honetan, eta giro ederra izaten da. Ea aurten ere arrakasta izaten duen…".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak