Eskoriatzako Jose Arana zaharren egoitzako patronatuak eraikina berritzeko hiru fase egingo ditu. Lehenengo fasean, 143.000 euroko aurrekontuarekin: igogailua, bigarren solairuan banako lau logela berritu… egin zituzten.
Orain aldiz, bigarren faseari ekin diote. Hainbat lan egingo dituzte beheko solairuan, zaharren egoitzan aldaketa handiena suposatuko duena. "Bigarren fasean, batez ere, azpiko solairua egokituko dugu. Lehenengo fasean, bigarren solairua egin genuen, eta orain behean egingo ditugu lanak. Azken finean, etxean gehien igarriko den aldaketa izango da…" adierazi du Dorleta Sologaiztoa, Jose Arana zaharren egoitzako zuzendariak.
Sei hilabeteko lanak
150.000 euro inguruko aurrekontuarekin egingo dira lanak, altzariak barne, eta obraren iraupena sei hilabetetakoa izango dela aurreikusten du zaharren egoitzako patronatuak.
Lehenengo fasean, egin beharreko lanak egin zituzten, baina funtzionamenduari dagokionez, bigarren faseko obren garrantzia azpimarratu du Dorleta Sologaiztoak, egunerokotasunean aldaketa nabarmena suposatuko duelako.
"Bere egunean, lehenengo fasea zen garrantzitsuena. Behean zeuden gela batzuk desagertu egin behar zirelako, eta ez zutelako betetzen beharrezko neurriak. Hori egitea, diputazioak exijitzen zigun, baina behin obretan hasita, etxeak behar batzuk zituela ikusi genuen. Hala, hiru fasetan egitea erabaki zen. Diputazioak hiru fasetarako baimena eskatzeko esan zigun, eta lehenengo fasea garrantzitsua izan arren, bigarren fase honetan etxearen funtzionamendua aldatuko da batez ere".
Pazientzia lanekin
Aurrera begira, bigarren fasea amaitzean, lehenengo solairuan egin nahi dituzte lanak –Hirugarren fasea–, baina oraindik pazientziaz hartu beharko dutela azaldu du Sologaiztoak. "Bi pasilo daude gelekin eta bertako lurra eta komunak egokitu beharko dira. Horrez gain, egongela bateko paretak… desagerraraziko ditugu, egoiliarrak erosoago ibili daitezen egoitzatik, eta oztoporik izan ez dezaten".