Diru laguntzen plan estrategikoan aldaketak

Imanol Beloki Unamuno 2016ko aza. 23a, 17:15

Azaroko osoko bilkura egin zen martitzenean Eskoriatzan, eta hainbat gai atera zituzten mahai gainera. Garrantzi handiena izan zuena diru laguntzei buruzko Plan Estrategikoaren aldaketa egitea izan zen.

Aurrekontuak tratatzerakoan, Axtroki Merkatari Elkartea alde batera utzi zuten, PERCO programa gauzatu behar zelako. Uste baino kostu handiagoa izan du programak, baina honen ondoren, lehen urratsa, merkatarien elkartea indartzea dela adierazi dute udalbatzan.  Joserra Zubizarreta alkatearen esanetan: "Orduan, ez zegoen aplikatuta laguntza; beraz, nonbaitetik abiatzeko 2.000 euroko laguntza eman diegu. Honekin, merkatari elkartea bera indartu, eta bertan erosteko kanpaina hasteko erabiliko dute…".

Honez gain, Atxorrotx gobernuz kanpoko elkarteak ez zuen laguntzarik eskatu Atxorrotx Egunean karpan egin zituzten gastuei aurre egiteko. Hala, orain aurkeztu dizkio Udalari eta 700 euroko laguntza ematea erabaki da.

Merkatari Elkarteari babesa

Honen aurrean, EH Bildu alderdiko Aitor Zubizarreta bozeramaileak laguntza ematearen alde daudela adierazi zuen, "beharrezkoa" dela adierazita, baina aurrera begira, "modu hobean eta elkarlanean" egin beharko dituztela gauzak, epe luzera begira, batez ere Eskoriatzako giroa eta herriko merkatarien egoera hobetzeko.

Adierazpen instituzionalak

Bestalde, hiru adierazpen instituzional egin zituzten bilkurari amaiera emateko. Batetik, Saharako giza eskubideak bermatze aldera, ikerketa bat egin nahi izan da, eta ukatu egin zaie. Honekin bat egin du Udalak: "Beraien egoera adierazteko eta jakiteko… halako ikerketak beharrezkoak dira", azaldu du alkateak. (Hemen: Saharari buruzko adierazpen instituzionala).

Bestetik, azaroaren 25a Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna izanda, udalbatza osoak bat egin zuen indarkeria matxista egoerak jasaten dituztenei elkartasuna adierazita. Honen harira, Amuska Emakume Elkarteak deituta, gaur, 18:30ean, elkarretaratzea egingo da plazan egoera hori jasaten dutenekin bat egiteko. Udalak bat egin du elkarretaratze horrekin eta herritarrei dei egin die bertan parte hartzeko. (Hemen: Indarkeria matxistaren kontrako adierazpen instituzionala).

Azkenik, Euskararen Eguna ere ate-joka dator, eta erakunde adierazpena egin zuten. "Aurtengo leloa da Gutariko bakoitzak zer egiten dugun Euskararekiko. Gogoeta interesgarria da, besteei eskatu beharrean, norberarengandik hastea…".  

Horren harira, Ixotu Euskara Taldeak funtzionatzeko eran aldaketa izango du. Eskoriatzako Txirikilla elkartearekin batera funtzionatuko du hemendik aurrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak